Zinegoak jaialdia Azkoitira iritsiko da datorren astean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 12a, 08:37
'Son' film laburraren irudietako bat. (Zinegoak)

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin elkarlanean lotu du udalak film laburren emanaldia, sexu, identitate eta genero aniztasuna ikustarazteko. Asteazkenean, hilak 17, 18:00etan hasiko da emanaldia.

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Azkoitiko Udalaren Berdintasun Sailak Zinegoak jaialdiko filmen emanaldia antolatu du datorren asteazkenerako, hilak 17. Emanaldia Elkargunean izango da, 18:00etan. Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin elkarlanean lotu du erakundeak film laburren emanaldia, sexu, identitate eta genero aniztasuna ikustarazteko.

"Gizarte hobeagorantz joateko, ezinbesteko baldintza da sexu orientazio edota genero identitatearen inguruan ematen diren eraso eta diskriminazio mota guztiak desagerraraztea. Horrek, tamalez, gaur egun oraindik kontzientziazio lanaren beharra agerian uzten du, eta horri erantzutea du helburu antolatutako saioak", azaldu du udalak.

Hona hemen Zinegoak Hedapena egitasmoaren barruan Azkoitian eskainiko diren film laburren zerrenda:

  • It's gray. Gray world. Seyed Mohsen, Pourmohseni Shakib Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa, poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, eta biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko.
  • Perpetua Felicidad. Isa Luengo, Sofia Esteve Almak hamabost urte ditu, herriko abesbatzan abesten du eta bere sexualitatearekin konektatzen hasia da. Bere aita Kikek, abesbatzako zuzendariak, ahotsa galdu du laringektomia baten ondorioz. Udako jaietarako elkarrekin prestatzen duten kontzertua hurbildu ahala, aita-alaben arteko tentsioak gero eta handiagoak dira.
  • Girls & The Party. Paloma Lopez Lagun talde bat bainugela estu batean prestatzen ari da udako festarako. Elkarrizketa eta makillajearen artean, Mercedesek bere lagun Juliarenganako gero eta biziagoa den erakarpena aske uzten du.
  • Ezhoikoak. Alejandra Bueno Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.
  • Son. Marta Nieto Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidetik labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko.
  • Arnasa. Raúl Barreras Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin.
  • Irrits. Maider Oleaga Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide