Xabier Munibe Ikastolak astebete atzeratu du 50. urteurreneko festa, eguraldi iragarpena dela eta

Andoni Elduaien 2023ko mai. 10a, 08:25
Joan den igandean plazan egin zuten ikuskizunaren entsegu orokorra. (Xabier Munibe)

Maiatzaren 20an egingo dute ikastolaren 50. urteurreneko festa eguna. Hurrengo asteburuan, ekitaldia "beharrezko egokitzapenekin" egingo dutela nabarmendu dute. Herritarrek eskuratu dituzten gonbidapen sarrerek balio bera izango dute hilaren 20ko ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko.

Xabier Munibe Ikastolak hilaren 20ra atzeratu du hasiera batean zapatuan izatekoa zen 50. urteurreneko festa. Eguraldi iragarpena tarteko hartu du ikastolak jaia astebete atzeratzeko erabakia. "Eguraldi iragarpenaren bat bateko aldaketak eraginda hartu da erabaki hau", azaldu dute.

Dena den, ikastolak azaldu du XM50 festa egunerako lotutako egitaraua bere horretan mantenduko dela, nahiz eta "aldaketa txiki batzuk" jasan ditzaken. "Ez da erabaki erraza izan, eta jakitun gara horrek jendearengan eragozpenak sortu ditzakeela", adierazi dute. Horren aurrean, "barkamena" eskatu du antolatzaile taldeak.

Behin behinean, astebete atzeratuko dute festa, eta hilaren 20rako eguraldi iragarpena aldekoa ez bada, ekitaldia "beharrezko egokitzapenekin" ospatuko dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Beharrezkoa balitz, egokitzapen horien gaineko xehetasunak aurrerago emango dituzte.

Sarrerak, bere horretan

Antolatzaile taldeak adierazi du herritarrek azken asteetan Xabier Munibe Ikastolaren historia txikia hara! ikuskizunerako hartu dituzten gonbidapen sarrerak "mantendu" egingo dituztela hurrengo astebururako. Halere, norbaitek hilaren 20ko ikuskizuna ezingo balu bertatik bertara ikusi, "ingurukoei ematen saiatzea" eskatu dute.

Hurrengo asteburuan ere 21:45ean itxiko dituzte herriko plazan egokituko duten gunea. Une horretatik aurrera, esleitu gabe gelditu diren sarrerak ilaran zain jartzen diren herritarrei emango dizkiete.

Bestalde, ikastolako komunitateko kideek egindako opariekin osatutako bost sarien zozketa ere hilaren 20an egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ordura arte txartelak saltzen jarraituko dute. Sariak Rural Kutxaren erakusleihoan ikus daitezke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide