Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Manex Beristain: "Bizitza honetan merezi du gauzak probatzera ausartzea, sarritan 'gero' hitza ez baita iristen"

Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 10:49

Hezkuntzako lan segurua alde batera utzi, eta barreterapia, psikomotrizitatea, dolua eta heriotza eta ipuin kontaketa saioak ematen hasi da Manex Beristain. Erabakia hartu eta prozesuan zehar “beldurrak eta zailtasunak” izan dituela onartu arren, pausoa ematera animatzen ditu enpresa ideia duten herritar guztiak.

Nola izan da barreterapia, psikomotrizitatea, dolua eta heriotza eta ipuin kontaketa saioak sortzeko prozesua, hau da, ideiatik negozio sortu artekoa?

Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan, prozesu bat izan da. Hezkuntzan neramatzan urte asko lanean, aurretik aisialdian, lehenago monitore lanetan, eta formatzen joan naizen ereduetan eta gauza berriak esperimentatzen joan heinean, Hezkuntzan maila altuenera iritsita nengoela, ezin nuela gehiago egin, eta hegalak ezin nituela gehiago zabaldu sentitu nuen. Gainera, Hezkuntza oso momentu kritikoan dago une honetan, lege aldaketak, digitalizazioa, Curriculuma... Ordezkoa izanda, aukera nuen lanerako plazarik ez hartu eta saiakera egiteko. Gainera, Hezkuntzara itzultzeko aukera izanik, errazagoa da saltoa egitea.

Zergatik erabaki zenuen saio horiek izatea?

Gorputz Hezkuntzako irakasle gisa ariketa ugari egin izan ditut ikasleekin, baina behin, barreterapia liburu bat ikuskatzen hasi nintzen eta bertan agertzen ziren ariketa ugari erabiltzen nituela ohartu nintzen. Gainera, Lehen Hezkuntzako gatazkak hitzez lantzen genituen, eta haurrek gertatutakoa ulertu arren, barruko korapiloarekin gelditzen zirela ikusi nuen. Aldiz, espazio irekietan gorputz dinamika desberdinak egitean (amorrua ateratzean edota enpatia sentitzean) klik bat egiten zuten haur horiek. Gakoa gorputza dela ohartu nintzen. Eta horrela, Bartzelonara joan nintzen barreterapia formakuntza saio trinko batera, eta horren ondoren erabaki nuen aldaketa egitea. Barreterapia saioez gain, lehendik egiten nituen psikomotrizitate eta ipuin kontaketa saioak. Horiez gain, bizitzan gertatu zaizkidanak oinarri hartuta, dolua eta heriotzaren inguruko liburu bat argitaratzera noa urrian.

Lau arlo horiek ez dira ohikoenak negozio bat sortzerakoan. Erraza egin al zaizu prozesua?

Ez. Estruktura bat sortzen lagundu dit Iraurgi Berritzenek. Ni neu izaeraz oso inpultsiboa eta kaotikoa naiz, eta egutegi bat egiten, jo nahi nituen ateen zerrenda zehazten, alderdi ekonomikotik aurreikuspenak egiten lagundu zidaten. Plangintza osoa egiten, beraz. Horrez gain, lehen pausoa irudi bat egitea izan zen, lau arlo horiek uztartuko zituena. Irantzu Arteterapiako lagunak egin dit, irudi orokor bat du, eta gero arlo bakoitzari kolore bat eman dio, jendeak lotu ditzan diziplina bakoitza kolore bakoitzarekin. Sare sozialak erabiltzen ere hasi naiz, ezagutarazteko eta jendearengana iristeko. Identitate propio bat sortzea da asmoa, azken finean, garapen pertsonala azken urteetan joeran jarri den gai berria da, eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Informazio asko dago, baina ezezaguna ere badelako. Nik nire bidea egin nahi dut zentzu horretan.

"Ekintzaile izatearen onura nabarmenena zuk zeuk erabakitzen duzula noiz lan egin da, zure bidea hautatzen duzu. Egutegia ere zure beharren eta nahien arabera antola dezakezu, eta egunerokotasuna, denbora librea eta lana orekatzen asmatuz gero, izugarria da"

Irailean eman zenuen salto hori, eta beraz, denbora gutxi daramazu. Positiboa al da orain arteko balorazioa?

Ez da bidez erraza egiteko, bakarrik egin behar baduzu behintzat. Aukera asko dituzu aurrean, eta horrek bertigoa eragiten dizu. Beldur asko aktibatu zaizkit niri. Aurrez aipatu dudan bezala ekonomia da beldurretako bat, taldeak osatuko diren edo ez beste beldur bat da... eta beldur horiei eusteak higadura sortzen dizu. Orain konturatu naiz eskoletan lan egiten dugunok zer zorte dugun, hurrengo egunean klasera zenbat haur azalduko zaizkigun pentsa beharrik ez baitugu, jakin badakigu etorriko direla. Horregatik, orain tailerrak eta saioak bete egiten direnean egundoko sentsazioa da, nahi dutelako etortzen baitira.

Beraz, izan dituzu beldurrak prozesuan zehar.

Bai, beldurrak eta zailtasunak izan dira prozesuan. Lau arloak batzea edo uztartzea izan da agian zailena. Barreterapiarekin hasi nintzen batik bat, indarrez eta motibazioarekin. Bide bat egiten hasi nintzen, eta bide berak agertu dit zeintzuk ziren hurrengo pausoak. Psikomotrizitatea eta ipuin kontaketak lehendik ere egiten nituen, eta beraz, finkatuago nengoen arlo horietatik. Orain beste alderdiak jorratu nahi ditut gehiago, dolua eta heriotzarena eta ipuin kontaketarena. Herri batzuetan hasi naiz dagoeneko doluaren tailerrak ematen, eta ipuin kontaketekin laster hasiko naiz. Pixkana eta behartu gabe, baina hor doa prozesua.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Onura nabarmenena zuk zeuk erabakitzen duzula noiz lan egin, zure bidea hautatzen duzu. Egutegia ere zure beharren eta nahien arabera antola dezakezu, eta egunerokotasuna, denbora librea eta lana orekatzen asmatuz gero, izugarria da. Ekintzaile gisa bertigoa ematen du kuota batzuk ordaindu beharra izatea, lana egin edo ez egin. Talde batzuk finko ditut, psikomotrizitatean adibidez, eta horrek segurtasuna eskaintzen dizu. Beste dana datorrenean, oparia da. Baina horretarako fidatu egin behar zara, eta lasai egon. Desabantailak bezala, ziurgabetasuna, beldurrak, ondo egingo al duzun, gustukoa izango al den... galdera asko sortzen zaizkizu.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Gustukoa badu, eta gogo horrek barruan leku asko hartzen ari bazaio, aurrera. Barruko hori atera beharra dago. Enpresa estrukturan aukera ikusiz gero, probatu egin behar da, bestela “hura egin izan banu...” sentsazioa geldituko zaio. Esperientzia irabaziko du, eta galdu, berriz, materiala. Irabazteko duena, garrantzitsuagoa da. Bizitza honetan merezi du gauzak probatzera ausartzea, gehienetan “gero” hitza ez baita iristen.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Sorpresa handia izan da niretzat hirugarren adina. Asko motibatzen nauen zerbait da, eta une honetan, hortik joan nahi dut. Familiekin ere gustura egiten dut lan, baina zailagoa da, denborarik ez dago gaur egun ondo lantzeko. Hala ere, oso kontziente naiz haziak landatzen eta ereiten ari naizela, gero emaitzak eman ditzan.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide