Akordatzen?

Mila Gorostegi, bizitza osoa Berdura Plazari emana

Ane Olaizola 2023ko eka. 6a, 09:18
Mila Gorostegi. (Ane Olaizola)

Badira herriaren bilakaeraren lekuko diren saltokiak, gizartearen testuinguru desberdinetan ezagutu baitute horiek herria. Ez da erraza hamarkada luzez aurrera egin duen dendaren ateek zabalik irautea, are gutxiago mostradorearen atzealdean hasierako pertsona berberak ikustea. Urriak izanagatik, badaude adibideak, eta horietako bat da Berdura Plazako Mari frutategia. Saltokiaren gidaritza semearen esku utzia badu ere, oraindik orain ez da zaila duela gutxira arte horren ardura izan duen Mila Gorostegi (Azkoitia, 1936) han ikustea.

"Egunero etortzen naiz, batez ere arratsalde partean, beste edonon baino nahiago dut bizpahiru ordu hemen igarotzea", esan du 86 urteko emakumeak. Asteazkena da, eta plazako erlojuaren kanpaiek bostak jo orduko agertu da hura denda irekitzera. Herritarren eta bezeroen joan-etorrien artean kontatu ditu hark negozioaren historia zein bertan bizi izan dituen istorioak.

Gorostegiren ama Mari Alberdik zabaldu zuen bere izena daraman negozioa. "Ehun urte ez ditu osatuak, baina gertu izango ditu", esan du Gorostegik, saltokiaren irekieraren data zehatzik ez badaki ere. Hasieran, Kale Nagusiko etxepe batean zabaldu zuen Alberdik denda, baina urte gutxira lekualdatu zuen Berdura Plazara. Gorostegi, berriz, Espainiako Gerra hasi zen urtean jaio zen, eta 36ko gerra hark zein guda osteak bete-betean baldintzatu zuen familiaren etorkizuna, baita Gorostegi berarena ere. "Aitak gerran borrokatu zuen, eta ondoren preso hartu zuten. Aita etxera etorri gabe egon zen dezente urtez, eta amak bakarrik atera behar izan zuen aurrera etxea. Hiru anai-arreba ginen, eta 18 urte egin zituztenean, anaiak Argentinara joan ziren bizitzera. Amak zuen premia zela eta, hari dendan laguntzen hasi behar izan nuen". 12 urte inguru zituela hasi zen hura dendan lanean, eskola utzi izanaren "pena" handiarekin. "Nik eskolan jarraitu nahi nuen, baina beste erremediorik ez nuen izan; gerraondorena oso latza izan zen. Irakasleek ere pena hartu zuten, azkarra nintzela esaten zuten eta. Gero, eskola partikularrak ematen zituen batengana joaten hasi nintzen arratsaldeetan".

Amak ahal zuen lekuetan zerbait erosten zuen, eta ezkutuan ekartzen zuen herrira

Azkoitiarrak gogoratzen duenez, "ahal zutena" saltzen zuten garai hartan, merkatu beltzean. "Garai hartan, ez zegoen ezer, eta estraperlora jotzea beste aukerarik ez genuen izan". Azaldu duenez, bere ama Donostiara joaten zen trenez, han lagun bat zuelako. "Ahal zuten lekuetan zerbait erosten zuten, eta amak ezkutuan ekartzen zituen gero erositakoak herrira". Isilpeko jardunaren ondorioz, ama-alabak orduko delegatuen zein polizien beldur izaten zirela azaldu du: "Beldurrak airean bizi ginen, baita guardia zibilen emazteak dendara erostera etortzen zirenean ere. Delegatuek ogasunean lan egiten zuten, eta horiek herrira etortzen zirenean, dendari guztiok elkarri abisatzen genion; zentzu horretan, elkartasun handia genuen". Urte "latzak" izan ziren familiarentzat. Gorostidi, haurra izanagatik, etxean gertatzen zenarekin jabetzen zen, eta "asko" sentitzen zuen: "Estutasun handiak izan genituen, zentzu askotan. Ama ikusten nuen egoera gogor hartan, eta nik antzeman egiten nuen".

Gorostegiren ama, Mari Alberdi, saltokian. (Utzitakoa)

Familiak nola saldu, herritarrek ere "ahal zuten moduan" erosten zuten. "Jendeak zeukanaren arabera erosten zuen". Saltzaileak ondo gogoan du amak bazuela bezeroen zorrak gogoan hartzen zituen "liburu beltz" bat. "Liburuan apuntatu besterik ez genuen egiten. Bezeroek esaten ziguten kobratzen zutenean ordainduko zigutela, momentuan ezin zutelako. Gure amak gaizki pasatzen zuen, hark ere bere agiriak izaten zituen-eta ordaintzeko". Gorostegik azaldu du behin baino gehiagotan joan behar izaten zuela bezeroen etxeetara, amak aginduta: "Zerbait aurreratu al zezaketen galdetzen nien, amak ere letrak pagatu behar zituelako".

Behin baino gehiagotan errepikatu du ordukoak garai gogorrak izan zirela askorentzat, baina azpimarratu du ez zuela "inoiz" goserik izan. "Akordatzen naiz estraperloko ogi zuri nahikoa izaten genuela etxean, eta hura ogi beltzarekin trukatzen niela lagunei, umeen afanerako", kontatu du barrez.

Mari Alberdi eta Mila Gorostegi. (Utzitakoa)

Berdura Plazaren gainbehera

Gerra osteko garaian amari laguntzen hasi eta "bizitza osoa" igaro du Gorostegik saltokian. Ordutik, "milaka kontu" bizitzea egokitu zaio azkoitiarrari: "Labana aterata egin zidaten lapurreta saiakera, sutea izan genuen, uholdeak ere izan ziren...". Dena den, ikusi izan ditu irudi gozoagoak ere. "[Berdura] Plaza eder askoa ikusi dut hemen, baserritarrez bete-betea".

Gaztea zenean herrigunean zein Berdura Plazan zenbat saltoki zeuden ere zenbatuta du Gorostegik, negozio txikiek orduan zuten biziaren erakusgarri. "Goiko kaleko zubitik hasi eta eliz atariraino hamazazpi janari denda ezagutu ditut, harategiak-eta kenduta. Horietatik bederatzi, gainera, aldi berean egon ziren irekita. Berdura Plazan, berriz, hamalau frutategi ezagutu ditut, eta arrandegiak zazpi, horietatik lau garai berean; orain, ni naiz hemen arraina saltzen duen bakarra [bakailaoa saltzen du]. Bestalde, sei harategi ere egon ziren Berdura Plazan, gaur egun eskailerak dauden lekuan, eta egun, bi harategi besterik ez daude".

Saltzaileak adierazi duenez, datuek "guztia" esaten dute. "Saltoki denak ixten ari dira, eta inork ez du nahi erreleboa hartzea, ardura handia delako saltzailearena; oso lotua da jarduna". Egun, saltoki gutxi batzuk besterik ez dira geratzen zabalik eremu horretan, eta azkoitiarra ezkorra da etorkizunarekiko: "Berdura Plazan geratzen garenok jubilatzen garenean, ez dut uste inork lekukoa hartuko duenik".

Saltokiko hainbat bezero, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

Haren ustez, "tristea" da Berdura Plazan dagoen panorama. Are gehiago, eremu hori "utzita" dagoela azpimarratu du. "Beste herri askotan berritu egin dituzte, eta hemen ere esaten dute horretarako asmoa badutela, baina konponduta ere, ez dakit ba... Saltoki handiak gertu izanda, normala ere bada ixtea". Saltzailearen arabera, herritarrek denda txikietan erosteko duten modua ez da "asko" aldatu, baina haiek gehiago jotzen dute egun saltoki handietara. "Karrokada beteak ikusten dira han. Aurrekoan batek esan zidan bandejan sartutako 200 gramoko [txahal] hezurrak ikusi zituela 1,15 eurotan saltzen; hemen harategiek oparitu egiten dituzte horiek". Zentzu horretan, Gorostegi saiatzen da bertako eta garaiko baserritarren produktuak dendan saltzen, "dagozkien prezioan". Horrenbeste urte eta gero, gainera, bezeroekin hartu eman estua du, eta hark azpimarratu duenez, haiekin egindako tratua da ofizioak eman dion fruiturik gozoena. "Jende jatorra dago, ondo pasatzen dut horiekin".

Amari laguntzen hasi eta semeari laguntzen amaituko du Gorostegik saltokiko bidea, baina ez du horretarako asmorik, oraindik ez behintzat. "86 urte ditut, eta geratzen zaidan denboran hementxe egongo naiz, horretarako gauza naizen bitartean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide