Erretratua

Borja Zubizarretaren taupada urdina

Saioa Murua 2023ko eka. 3a, 09:02
Borja Zubizarretaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Umetan saskibaloian jardun ostean, Borja Zubizarretak lasterketei ekin zien gaztetan, eta azken urteetan mendian sakondu du kirol jarduera hori: egun, urtean zortzi lasterketa inguru egiten ditu. Sortu berri den Tomusa Teknik Team taldeko kide da, eta hurrengo erronka nagusia du Chamonixko ultratraila egitea. Zubizarretak Domusa Teknik lasterketa irabazi baino lehen elkartu zen Maxixatzen maiatzeko aldizkarirako bere erretratua egiteko.

Borja Zubizarreta (Azkoitia, 1995) mendi lasterkariak kirolari lotura eraman du bizitza osoa: umea zenean saskibaloian aritu zen hainbat urtez, eta ondoren, korrikari heldu zion. Pausoz pauso, kirol ibilbide sendoa osatzen ari da azkoitiarra, eta mendian aurkitu du horretarako abagunea. Ilusioa eta indarra ez ezik, erronkak ere ez zaizkio falta sortu berri den Domusa Teknik Team taldeko kideari.

Hasierei buruz galdetzean, Zubizarretak adierazi du "naturaltasun osoz" eman zuela taldeko kirol batean aritzetik bakarrik jarduterako pausoa. 18 urterekin saskibaloia alde batera utzi zuen, eta korrikari ekin zion. "Ordura arte ez nuen korrika egiteko ohitura handirik; entrenamenduetan egiten genuen apurraz gain, ez nintzen neure kabuz lasterka egitera irteten zen horietakoa", esan du korrikalariak. Ez zen denbora gehiegi igaro, ordea, horri gustua hartu zionera arte. Poliki-poliki, lasterketa herrikoiak egiten hasi zen, baita, zenbaitetan, garaikurrak lortzen ere. Hori nahikoa ez, eta 19 urterekin mendi martxak probatu zituen; besteak beste, Zazpi Kurutzen parte hartu zuen, eta kontuari uste baino gustu handiagoa hartu zion.

Hiruzpalau urte beranduago, eta mendira oso erraz egokitu zela ohartuta, maila handiagoan edo serioagoan, trail lasterketetan, jardutea erabaki zuen. 2020an, ordura arteko mailarik onenean zela, ordea, COVID-19a iritsi zen, eta izurriak hainbeste katigatu zuen kirol modalitate horretan jarraitzea oztopatu zion. Azkoitiarra, ordea, garai berrira egokitu egin zen, eta gerora mendirako ere erabilgarri suerta zitzaizkiokeen beste kirol batzuk egiten hasi zen: besteak beste, bizikletan ibiltzeari ekin zion, erresistentzia lantzeko. "Pandemia garaian entrenatzeari utzi nion, lasterketarik gabe ez nuelako nahikoa motibazio. Beraz, modu informalagoan zapaltzen nuen mendia, eta bizikletan ibiltzen edo eta pasierara joaten hasi nintzen".

Zubizarretak entrenatzaile baten laguntza izan du modu profesionalagoan jardutea erabaki zuenetik. Duela bi urtetik Iruñeko Asier Labairu gaztearekin aritzen da lanean. "Labairukin kontaktatu nuen pandemiaren ostean, oso entrenatzaile interesgarria iruditzen zitzaidalako. Haren aldeko apustua egitea erabaki nuen, eta guztiz asmatu nuela esan dezaket orain". Labairuk entrenamenduak planifikatzen dizkio, eta azkoitiarrak bere buruari ezartzen dizkion helburuak bete ahal izateko, fisikoki zein mentalki prestatzen ere laguntzen dio. "Asfaltoan egiten diren entrenamenduek gero eta garrantzi handiagoa dute niretzat, batez ere abiadura lantzeko, eta horietan trebatzen ere hasi gara aurten", esan du gazteak. Bide horretan, Zubizarretak jarria du hurrengo helburu nagusia: Chamonixko UTMBa egitea, ehun kilometroko traila. "Hasieran, hogei kilometro inguruko lasterketak egiten nituen, iaz 60 kilometrokoetara egin nuen salto, eta hurrengo geltokia Chamonixko ultratraila izango da". Ekainean atseden hartu ondoren, uztailean hasiko da iraileko probarako prestatzen.

Zubizarreta ez da, ordea, trail lasterketetatik bizi, Arrieta Mekanizatuak tailerrean egiten baitu lan. Haren arabera, lana lagungarri zaio bere afizioaren prestakuntzarako. "Zorionez, erreleboan egiten dut lan, eta horixe da entrenatzeko izan dezakedan ordutegirik onena, goizez zein arratsaldez prestatzeko aukera izaten baitut, txandaka bada ere". Gaztea ez da eguneko entrenamenduen luzera planifikatzekoa; hori baino, astean gutxi-gorabehera kirol horri eskaini beharreko ordu kopurua zehazten du. "Normalean, astean hamar-hamabi ordu eskaintzen dizkiot entrenatzeari; bolumen handiko asteetan edo lasterketaren bat dudanean, hamabost orduren bueltan ibiltzen naiz". Trail lasterketetan Zubizarretak erakutsi duen maila, baina, ez da mendian ibilita soilik lortzen; gimnasioarekin, txirrindularitzarekin eta asfaltoan korrika egitearekin uztartzen du hark mendiko jarduna.

Trail lasterkari on batek izan beharreko ezaugarriez galdetuta, Zubizarretak berehala erantzun du: diziplina eta saiatzeko gaitasuna izatea ezinbestekoak dira, haren ustez. Horrez gain, korrikalariak mendia igotzen "bizia" izan behar duela adierazi du, eta are arinagoa jaisten, lasterketa gehientsuenetan beherako bidea izaten delako erabakigarria.

Hamaika lasterketa egin ditu Zubizarretak lehiatzen hasi zenetik, baina adierazi duenez, Zegama-Azkorri du kuttunena. Haren esanetan, proba horretarako dortsala lortzea zaila izanagatik, ez dago nahikoa hitz han bizitzen dutena deskribatzeko. "Lehenengoz iaz lortu nuen dortsala, eta edozeini gomendatuko nioke proba hori bizitzeko aukera izateko izena ematea; ikaragarria da hango giroa, han sentitu nuena ez dut inoiz inon sentitu".

Ez da geldirik egotekoa azkoitiarra, eta duatloiak ere probatu ditu kirolariak. Triatloiak ere "erakartzen" du Zubizarreta, baina oraingoz behintzat, ez du kirolez aldatzeko asmorik, beste jardueretan maila ona lortzea nahi izanez gero, bizimodua bera aldatu beharko lukeelako. "Oso gustuko dut lehiatzea, baina beste kiroletan aritzeak gaur egun dudan bizi filosofia aldatzera eramango ninduke, eta une honetan behintzat, ingurukoekin mendiaz eta bestelako ekintzez gozatzeko dudan aukera ez nuke beste ezerengatik aldatuko". Lehiakortasuna aipatuta, Zubizarretak trail lasterketetan sortzen den lehiakortasun "sanoa" izan du hizpide: "Kirol honek eman didan gauzarik onenetakoa, paraje zoragarriak ezagutzeaz gain, jendea ezagutzeko izan dudan aukera da: lehiatzea oso gustuko duen jendea dago, baina geure arteko lehiakortasuna oso sanoa da, eta horrek harremanak sortzen laguntzen du". Gainera, azkoitiarrak dioenez, ez dio garrantzi handiegirik ematen lasterketa irabazteari edo galtzeari; lasterketako kalitatearen arabera egiten du horren balantzea. Bestalde, azkoitiar gazteak lagunen, bikotekidearen eta etxekoen babes handia jaso duela adierazi du: "Ingurukoen babesa etengabekoa da, eta eskertzekoa da hori; niretzat oso garrantzitsua da horiek hor daudela jakitea".

Erronka berria, Domusa Teknik taldean

2019an Amurrioko (Araba) Aiaramendi mendi taldera batu zen korrikalaria, baina aurtendik Domusa Teknik Team taldeko partaide da Zubizarreta. Lehengo taldean oso gustura bazegoen ere, Domusa Teknik taldearen sortzaileetakoa den Pedro Seguik hasieratik berarekiko agertu zuen interesak bultzatu zuen Errezilgo taldera salto egitera: "Hasieran txantxetako proposamena zirudiena egi bilakatzen hasia zela esaten zidan, eta proiektuaren nondik norakoak aipatu ostean, ezin izan nion ezezkorik eman. Niretzat oso aukera berezia eta indartsua da Domusa Teknikena; azken urteetan egin duten inbertsioa ikaragarria da, eta taldeari egindako planteamenduak ilusio handia eragiten dit; ez naiz hartutako erabakiaz damutzen".

Euskal Herri mailako punta-puntako hainbat lasterkari bildu ditu Errezilgo enpresak, baina Zubizarretak garbi dio taldean ez daudela korrikalari denak, eta etorkizun hurbil baten guztiak proiektuan izatea gustatuko litzaiokeela. "Denboraldia antolatzerakoan, asko laguntzen du Domusa Tekniken proiektuak. Enpresak korrikalariak nola zaintzen dituen kontuan izanda zein egitasmoaren kalitatea ikusita, nahiko nuke aurrerago taldera korrikalari gehiago batzea". Noizean behin, taldekide berriekin entrenatzen du azkoitiarrak. Dena den, haren arabera, oztopo geografikoen eraginez, ez da erraza haiekin elkartzea, baina saiatzen dira aldiro juntatzen, talde izaera manten dezaten. Euskaltel Euskadik bere garaian marea laranjarekin egin zuen gisan, inguruko mendi guztiak kolore urdinez jantzi nahiko lituzkete Domusa Teknikeko taldekideek, eta horretan dihardute. "Lehen urratsak eman badira ere, ea guztiak tindatzerik lortzen dugun".

Maiatzaren 6ko Domusa Teknik 40MLK probari dagokionez, Zubizarretaren helburu nagusia zen aurten mendi lasterketa hori amaitzea da; izan ere, iaz erretiratu egin behar izan zuen. Proba amaitu bakarrik ez, lasterketako azkarrena bera izan zen.

Motzean

Adina: 28 urte

Lanbidea: Mekanizatu tailerrean egiten dut lan.

Korrikalaria ez banintz... bizikletarekin loturiko zerbaitetan ibiliko nintzateke ziurrenik.

Amets bat: Domusa Teknik 40 MLK lasterketan podiuma lortzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide