Hitz bitan

Adriana Teles: "Brasilgo energia edonon nabaritzen da"

Andoni Elduaien 2023ko eka. 5a, 09:00
Adriana Teles. (Andoni Elduaien)

Adriana Teles (Ilheus, Brasil, 1988) 2014. urtean iritsi zen Ilheus herritik Azkoitira. Jaioterrian bikotearekin zenbait urte egin ondoren, bizitzera Azkoitira etortzea erabaki zuten biek; hori bai, aurrez denbora bateko egonaldia egin zuen Telesek proba moduan.

Noiz iritsi zinen Azkoitira? Zerk ekarri zintuen hona?

Bikotearekin batera heldu nintzen Azkoitira 2014. urtean. Brasilen ezagutu genuen elkar, Ilheusen, eta lau urtez bizi izan ginen han elkarrekin. Hasieran, jatetxe bat ireki eta bizimodua han egiten saiatu. Hura probatu eta zer zen ikusi ondoren, ordea, uztea erabaki genuen. Orduan sortu zen Azkoitira etortzeko ideia. Bizitzera baino lehen, baina, herria ezagutzera etorri nintzen hilabetez.

Brasil eta Azkoitia zeharo desberdinak izango dira bizitzeko, ezta?

Jaioterriarekin alderatuta, segurua da Azkoitia. Segurtasun eta lasaitasun handia dago hemen; ondo egituratuta dago guztia, Ilheus baino prestatuago dago bizitzeko. Era berean, Azkoitia nire jaioterria baino aurreratuago dago, eta horrek asko esan nahi du niretzat.

Zer iritzi duzu Azkoitiari buruz?

Herri baketsua eta lasaia da. Oso abegikorra, gertukoa eta txikia iruditzen zait. Herria gustukoa dut bizitzeko, baita bertako jendea eta kultura ere.

Erraza egin al zaizu bertakotzea?

Norbere jaioterritik irteteak beti eragiten du shock handia; izan ere, klimaz, kulturaz eta herrialdez aldatu naiz. Azkoitiarra den pertsona batekin iritsi naiz hona, ordea. Bere familiak babes handia eman dit eta haren lagunek ere asko lagundu didate; taldea handia da, eta hasiera-hasieratik onartu naute. Hona iritsi nintzenean, ez nituen menperatzen ez euskara, ez gaztelania. Zentzu horretan, zerbait ulertzen ez nuenean, itzultzen lagundu didate. Horretan zorte handia izan dut. Dena den, nire aldetik ere jarri behar izan dut. 

Zonaldeen arabera, desberdina al da bizimodua Brasilen?

Brasilen kultura desberdin asko dago. Brasilgo energia, ordea, edonon nabaritzen da. Ilheus, esaterako, kakaoaren lurraldea da; han betidanik landu izan dute kakaoa, eta nagusiki kakaoak mugitu izan du hango ekonomia. Aitak eta osabek etxalde bat dute han, eta oraindik orain kakaoa laboratzen jarraitzen dute. Gure familiarentzat oso baliotsua da kakaoa.

Zure jaioterriko ezer sumatzen al duzu faltan?

Familia, bereziki. Nire aita hona etor dadin borrokatzen ari naiz; aitak Azkoitia ezagutu dezan nahi dut. Nire bizitzaren parte da dagoeneko Azkoitia, eta familiak hau zer den jakitea gustatuko litzaidake.

Brasilgo ohiturak mantentzen al dituzu Euskal Herrian?

Bai, noski. Hango gastronomia mantentzen dut hemen. Musika brasildarra ere beti izaten dut etxean jarrita. Era berean, alabari nire hizkuntzan hitz egiten diot.

Zer iruditzen zaizkizu Euskal Herriko ohiturak?

Euskal dantzek beti piztu izan didate atentzioa, baita festek ere. Oso festazaleak gara brasildarrak, eta niri ere asko gustatzen zait giro hori. Andremariak eta sanandresak oso festa politak dira. Jendeak festa egun horiek baliatzen ditu familiarekin eta lagunekin elkartzeko; polita iruditzen zait hori. Karnabaletan ere mozorrotzen da hemen jendea, baina Brasilen bestelakoa da kontua; desfile ikaragarriak egiten dira han aste oso batez. Bestalde, berezia egin zait tabernetan jendea zutik pintxoak jaten ikustea.

Zer da inguruotatik gehien gustatzen zaizuna?

Aisialdiko jardueretan igarotzen nuen denbora Brasilen. Hemen natura gehiago estimatzen ikasi dut. Kirolzalea da hemengo jendea, inguru berdeen zalea... Hasieran ez nuen ulertzen jendea zergatik joaten zen mendira; oso aspergarria egiten zitzaidan mendira joatea. Orain, beste modu batera ikusten dut kontua, eta asko gustatzen zait paseatzea edo inguruotan ditugun txokoak ikustea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide