Zein da 'lorau' Azkoitiko hitzaren esanahia?

Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 08:27
Argazkia: pxhere.com

Maxixatzenek, Azkoitiko euskara bultzatzeko asmoarekin, Azkoitiko hitz edo esamolde bat argitaratzen du ostiralero. Joan den astean, 'adurre' hitzaren esanahia erakutsi zuen webgunean. Oraingoan, 'lorau' hitza aukeratu du Maxixatzenek. Ba al dakizu zein den hitz horren esanahia?

Lorau hitza erabiltzen da Azkoitian, batetik, landareak loreak eman dituela adierazteko, eta bestetik, edanarekin edo sukarrarekin pertsona bati begiak argitu edo bizitu zaizkiola esateko.

Honela erabili ohi da landareak loreak eman dituela esateko:

  • Azkoitiko hizkeran: "Ataiko landarak lorau zaizko amamai".
  • Euskara batuan: "Atariko landareak loratu zaizkio amonari".

Bestalde, honela erabili ohi da pertsona bati edanarekin edo sukarrarekin begiak argitu zaizkiola esateko:

  • Azkoitiko hizkeran: "Ze, Iñaki, zenbat kalimotxo eran dittuk? Daoneko beixek loraute dauzkek!".
  • Euskara batuan: "Zer, Iñaki, zenbat kalimotxo edan dituk? Dagoeneko begiak argituta dituk!".

Iturria: Azkoittiko euskerie, Aizkibel beka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide