Udal eta foru hauteskundeak 2023

Bailarako proiektu estrategikoak elkarrekin gauzatzea dute xede Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako EAJren alkategaiek

Nerea Uranga 2023ko mai. 5a, 13:14

EAJren Urola Erdiko alkategaiak aurkezteko ekitaldia egin dute Azpeitiko plazan. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako alkategaiekin batera izan dira Eider Mendoza alderdi jeltzalearen Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia eta Joseba Egibar GBBko presidentea.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen harira, eskualdez eskualde ekitaldiak egiten ari da EAJ. Atzo, Urola Erdiko EAJren alkategaien aurkezpen ekitaldia egin zuten Azpeitiko plazan, eta bertan parte hartu zuten Jabier Altuna Azpeitiko, Ana Azkoitia Azkoitiko eta Garikoitz Mendizabal Zestoako alkategaiek, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak.

Bailararen aldeko mezua helarazi zuten, eta hala adierazi zuen Azkoitiak bere hitzartzean: "Herriek bailara osatzen dute, bailarek lurraldea, lurraldeek Euskadi. Bata maite duenak, beste hirurak maite ditu". Urola Erdiko hiru alkategaiak ekitaldian egoteak "bailara indartzeko" balio behar duela nabarmendu zuen, hiru udalerriek partekatzen dituzten erakundeei "indartsu" eusteko, eta Urola Erdiaren "proiektu estrategikoak elkarrekin" gauzatzeko: "Bailara modernoa eta aurrerakoia baldin bada, gure herriak ere hala izango dira. Bailararentzako landutako onurak herriontzat ere onura izango dira. Horrek guztiak eskuzabaltasuna eta begirada zabala eskatzen ditu". Iraurgi Berritzenekin eta bailarako eragileen parte hartzearekin iaz osatutako Urola Erdiko Plan Estrategikoa ekarri zuen gogora Azkoitiak adibide gisa. "Erronka komunei irtenbide komunak bilatu behar dizkiegu", azpimarra egin zuen Azkoitiak: "Bailararen kohesioa eta indarra aldarrikatzen ditut".

Ana Azkoitia: "EAJk asmatu egin du emandako hitza betetzen"

EAJren Azkoitiko alkategai Ana Azkoitiaren arabera, EAJk asmatu egin du erabaki estrategikoetan, eta asmatu egin du emandako hitza betetzen: "Hartzen ditugun konpromisoak geure egiten ditugu, amaieraraino eramanez. Azkoitian azken bi agintaldietan asmatu egin dugu, eta hitza betetzen jarraitu nahi dugu". Horren adibide gisa, lau proiektu estrategiko bideratuta dituztela nabarmendu zuen Azkoitiak: "Idiakez Ederra etxea eraberritzen ari dira; Floreaga auzoko irisgarritasun proiektua gauzatzen ari da; Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanak egiten ari gara, aldundiaren laguntzarekin; eta aldundiarekin lankidetzan, 4,7 milioi euro inbertituko dira egoitzan zaintza eredu berria ezartzeko, unitate psikogeriatrikoa berritzeko, eta apartamentu tutelatuak eta eguneko zentroa lekuz aldatzeko".

"Herrirako eta herriarentzako" lan egin dutela eta horretan segitzeko asmoa dutela nabarmendu zuen atzo Azpeitiko ekitaldian EAJren Azkoitiko alkategaiak.

Jabier Altuna: "Umiltasuna eta lana, herrigintzan sinesten dugulako"

EAJren alkategaiek herriz herriko kontuez ere jardun zuten atzo Azpeitiko plazan. Azpeitian "gauzak beste era batera" egin daitezen, herriak "bultzada berri bat" behar duela azpimarratu zuen Jabier Altuna EAJren Azpeitiko alkatetzarako hautagaiak, eta "herrigintzan" sinesten duen talde bateko kide dela nabarmendu: "Konfiantzarik ez dagoen herri batek ez dauka etorkizunik, eta eroriko da demagogoen eta populisten esku. Beraz, herriaren konfiantza berreskuratzeko umiltasuna eta lana aldarrikatzen ditugu; horiek dira gure ardura nagusiak". Langabeziaren aurka egiteko, "industria moderno baten" beharra eta ikasketa berriak herrira ekartzearen premia ere azpimarratu zituen: "Azpeitian soldata duina edo duin samarra dugunok ondo bizi gara, baina ezin ditugu alde batera utzi langabezian daudenak eta lanean jardun arren soldata justua edota justu samarra dutenak. Ezin dugu ahaztu, 2008ko krisiaren ondoren, azpeitiar askok herritik kanpo bilatu behar izan zutela lana. Ezin dugu ahaztu lehen Azpeitiko batez besteko soldata Gipuzkoaren batez bestekotik gora zegoela; orain, berriz, behera dago. Ezin dugu ahaztu Azpeitian langabezian daudenen %90 45 urtetik gorakoak direla eta horietatik %70ek oinarrizko ikasketak bakarrik dituela. Ikasketen garrantzian arreta jarri nahi dugu". Industria bultzatzeko lan egingo dutela eta industria modernoarekin lotutako ikasketak bultzatzea helburu dutela esan zuen.

Azpeitiko merkatariak babesteko neurriak ere iragarri zituen Altunak. "Alde Zaharrean husten ari dira lokalak. Dendarien krisia aspalditik dator, batik bat Internetek eraginda, eta horren aurka ez dugu guk asko egiterik. Baina gure egitekoa da krisian dagoen sektore hori babestea, eta horretarako,  dendarientzako tasak jaistea proposatzen dugu". Herria "txukun" mantentzearen alde egingo dutela ere iragarri zuen atzo Altunak. Udaltzaingoa "indartzeko eta modernizatzeko" beharra ere nabarmendu zuen: "Azken boladan herrian dagoen lapurreta kopurua ez da normala, eta horren aurrean Udaltzaingoa indartu behar dela uste dugu, kaleetan lasai ibiltzeko eta dendariek lasai lo egiteko eskubidea dutelako".

Garikoitz Mendizabal: "Zestoak aldaketa behar du, merezi du"

Garikoitz Mendizabal EAJren Zestoako alkategaiak nabarmendu zuen Zestoak "aldaketa behar eta merezi" duela: "Aldaketa lidergo zintzo eta kudeaketa txukun batekin". Atzoko ekitaldiko hitzartzean, EH Bilduk azken lau urteetan Zestoako Udalean egindako politika kritikatu zuen Mendizabalek: "Lidergo eta kudeaketa txukunik ez du izan, gehiago eduki du populismotik, demagogiatik, itxurakeriatik; gezurra ere bai, tarteka. Eta hori guztia despotismo eta autoritarismo indibidualez josita. Horrelako politikak eginda, ez dute merezi beste lau urtez udalean egotea. Ni seguru nago ez dutela merezi".

EAJk Zestoan "politika zintzoak, irekiak eta eraikitzaileak" egingo dituela agindu zuen Mendizabalek. Beren herri programak "pertsona ardatz" izango duela esan zuen: "Egoera zaurgarrian daudenak, zaintza, memoria historikoa eta gertukoa, herriak behar dituen azpiegitura eta zerbitzuak, auzoen oreka eta trantsizio energetikoa landuko dituen programa osatu dugu".

Zestoa herri txikia izan arren, "indargune asko" dituen herria dela azpimarratu zuen EAJren alkategaiak: "Kanpokoa ederki hartzen duen herria da, kulturgintza izugarria dauka...". Kultur Etxearen beharra aldarrikatu zuen, horretan ari diren herritarrek "lanean jarduteko azpiegiturak" behar dituztelako. "Zorpetuko gara, eta foru aldundiaren beharra izango dugu hainbat proiektu aurrera eramateko".

"Konformatzen ez den herri bat" amesten duela nabarmendu zuen Mendizabalek, "herri argia eta bizia". Era berean, EAJren Zestoarako hautagaitza osatzen dutenen gaitasunak goraipatu zituen.

Eider Mendoza: "EAJ ekonomiak aurrera egiten jarraitzeko bermea da"

"Gipuzkoako ekonomikoaren eraikuntzan" EAJk lidergoa izan duela azpimarratu zuen atzoko hitzartzean Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izateko alderdi jeltzalearen hautagaiak, eta ekonomiak aurrera egiten segitzeko EAJ dela "bermea": "Elkarlanean arituz, baina norabidea argi izanda jardun du beti EAJk, eta badaki nola lan egin ekonomia sustatzen jarraitzeko eta herri honen aurrerabidea bermatzeko. Ekonomiak aurrera egiteko aukerarik onena beti izan da, da eta izango da EAJ".

Ekonomia "beti" lehentasun nagusietakoa izan du alderdi jeltzaleak, Mendozaren arabera. "Ekonomia lehiakor eta dinamikoak ematen dizkigu baliabideak, daukagun ongizate mailari eusteko. Batzuei sarritan ahazten zaien arren, banatzeko, lehenengo sortu egin behar da", adierazi zuen atzo Mendozak.

Datuak ere azaldu zituen Mendozak: "2015 eta 2023 artean, erdira jaitsi da langabezia Gipuzkoan, eta egun %7koa da, guretzako erreferentziazkoak diren zenbait herrialderen parekoa, esaterako, Suediaren edo Finlandiaren parekoa". Mendozaren esanetan, enpleguaren kalitatean ere eman dira aurrerapausoak, eta Gipuzkoak "aurrera" egin du: "2015ean, lurraldeko kontratuen %72 ziren mugagabeak edo finkoak; 2023an, zazpi puntu hazi da zenbatekoa (%79). Zortzi urteko elkarlanaren emaitzak dira horiek guztiak. EAJren gidaritzapean lortu da hori".

Mendozak adierazi zuenez, lurraldeak "oinarri sendoak" ditu, baina herritarrek badituzte hainbat arazo eta kezka: "Hala nola prezioen gorakada, alokairuen prezioak edota tipo aldakorreko hipoteka duten herritarrak jasaten ari diren maileguen garestitzea. Errealitate honen aurrean, zer? Bi aukera ditugu: pankartak, pintadak eta ez-aren plataformetan gelditu, edo arazoei aurre egin eta konponbideak bilatu. EAJren hautua bigarrengoa da; hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar".

Joseba Egibar: "EAJk politikoki eta sozialki abertzalea den proiektua eskaintzen du"

Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidente Joseba Egibar izan zen atzo Azpeitian egindako ekitaldian hitza hartzen azkena. Egibarrek esan zuen EAJk herritarrei "politikoki eta sozialki abertzalea" den proiektua eskaintzen diela: "Gizon eta emakume librez osatutako Euskadiren alde lan egiten du EAJk, behetik gora herria eginez, herritarren gehiengoaren eskutik".

Demokraziaren iritsieratik, EAJk apustu estrategikoetan asmatu duela azpimarratu zuen Egibarrek, eta industrian, gizarte gaietan, ingurumenean, euskaran eta azpiegituretan egindako urratsak aipatu zituen, baita "bide politiko eta demokratikoen alde" egindakoak ere. Ezker abertzalearen ibilbidea gaitzetsi zuen Gipuzkoako jeltzaleen buruak, "amnesiko" daudela esanez: "ETA desagertu eta 11 urtera, ez dute iraganean hartutako erabaki eta estrategien inguruan hitz egin nahi. Euskaldunon eta abertzaleon artean, etorkizuna eraikitzeko garaian, herri balio batzuk partekatu nahi baditugu, zer-nolako gizartea eraikiko dugu amnesiko bagara?".  Ildo beretik, ezker abertzaleak  proiekturik ez daukala kritikatu zuen: "Ez dauka herriarentzat proiekturik, ez industrian, ez gizarte gaietan, ezta beste alorretan ere".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide