Kakueta mendiaren eguna ospatuko dute igandean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 4a, 09:02
Kakueta azpiko txabolan izango dira eguneko ospakizunak. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Anaitasuna mendi bazkunaren Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko azken irteera izango da igandekoa. Kakueta mendiaren azpiko txabolan izango dira ospakizunak.

Maiatzeko lehen igandeko ohiturari eutsiz, Kakueta mendiaren eguna ospatuko dute igandean Azkoitian. Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta egingo dituzte aurten ere ekintzak Kakueta mendian bertan eta haren azpiko txabolan.

Azkoitiko mendi taldearen Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan, gainera, herrigunea eta tontorra lotzeko irteera egingo dute, Balda plazatik 08:30ean abiatuta. Azkoitiko herri ingurua ezagutzeko eta lagun giroan mendi irteerak egiteko asmoz jarri zuen abian Azkoitiko mendi taldeak egitasmoa, eta hileko azken larunbatetan egin izan dituzte orain arte irteerak. Hain justu, egitasmoaren barruko azken mendi irteera izango da igandean Kakueta mendira egingo dutena. Azken hilabeteetan, Urrategi, Hirukurutzeta, Karakate, Kukuherri eta Samiño zapaldu eta Izarraizko Bira egin dituzte.

Antolatzaileek azaldu dute, futbolak hartzen duen arretaz harago, mendi zaletasuna sustatzeko asmoz antolatu dutela aurrenekoz mendi irteeren egitasmoa, herritarrek mendi bueltak egin ditzaten inguruko txokoetan barrena. "Edozein adinetako herritarrei zuzendutako egitasmoa da. Asmoa izan da inguruaz gozatzea, inolako lehiarik gabe".

Antolatzaileen arabera, "giro jatorra" nagusitu da irteeretan: "Jende dezente elkartu izan gara orain arte, baina egia da gehiago espero genuela. Izan ere, ibilaldietan atzean geratzeko beldur ziren batzuk, eta horregatik ez dira animatu". Hain zuzen, egitasmoan hori saihestu nahi izan dute: "Erritmoari garrantzirik eman gabe, taldean joaten gara, lagunarteaz gozatuz".

Azken urteetako bidetik

Kakuetako Egunak ohiko esentzia izango du aurten ere. Igandeko hitzorduan, Anaitasuna mendi bazkunako kideek hamaiketakoa eskainiko diete Kakueta azpiko txabolara bertaratzen diren herritar guztiei, hala nola salda eta pintxoak. Era berean, musikarik ere ez da faltako; izan ere, herriko trikitilariek girotuta, mendizaleek dantza egiteko aukera izango dute txabolaren bueltan.

Bihar 55 urte beteko dira Kakuetako gurutzea inauguratu zutela, eta harrezkero euri asko egin badu ere, herritarrek ez dute galdu orduan hasitako usadio zaharra. Azkoitiko mendi taldeko kideek herritarrak animatu dituzte azken hitzordura

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide