Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udal hauteskundeen lanketa berezia egingo du Maxixatzenek datozen asteetan

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 12:20

Maiatzaren 28ko udal eta foru bozen harira, hainbat egitasmo egingo ditu Maxixatzenek. Alkategaien mahai ingurua izango da maiatzaren 16an; Ana Azkoitia EAJren alkategaiak, Asier Altuna EH Bilduren alkategaiak eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai Elkarrekin alkategaiak parte hartuko dute saioan. Horrez gain, hiru alkategai horien elkarrizketak ez ezik, elkarrizketa digitalak ere eskainiko ditu Maxixatzenek; Janire Igoa PSE-EEren alkategaiak parte hartuko du azken elkarrizketa horretan. Bozen egunean jarraipen berezia egingo du hedabideak, eta biharamunean egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak.

Maxixatzenek hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat egitasmo egingo ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa Azkoitiko hedabideak.

Azken urteetako legez, alkategaien mahai ingurua izango da Azkoitian. Ana Azkoitia EAJren, Asier Altuna EH Bilduren eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai Elkarrekinen zerrendaburuak aurrez aurre ariko dira hizketan maiatzaren 16an, asteartez, Elkargunean (18:30). Gainerako alkategaiei ere egin die proposamena hedabideak, baina horiek ez dute parte hartuko. Herritarrentzako irekia izango da saioa, eta gainera, Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da. Imanol Elezgarai kazetariak gidatuko du aurtengo mahai ingurua.

Hauteskundeen atarian herriko alkategaiei elkarrizketak egingo dizkie Maxixatzenek. Hain zuzen ere, EAJren alkategaiaren, EH Bilduren alkategaiaren eta Azkoitia Bai Elkarrekinen alkategaiaren solasaldiak kaleratuko dituzte Urola Kostako Hitzak eta Maxixatzenek maiatzaren 23an, bideoz nahiz idatziz.

Aste horretan bertan, gainera, Azkoitiari, Altunari eta Etxanizi galderak bidaltzeko parada izango dute herritarrek, baita Janire Igoa PSE-EEren alkategaiari ere. Izan ere, Azkoitiko lau alkategaiak Maxixatzenen egoitzan izango dira herritarrek egindako galderak erantzuten. Elkarrizketa digitalak direnez, Maxixatzenek hitzorduak baino egun batzuk lehenago zabalduko du hautagaiei galderak bidaltzeko epea; aurrerago emango ditu hedabideak xehetasunak.

Hauteskunde eguna eta biharamuna

Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Maxixatzenek webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Azkoitiko hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, gauean zuzenean eskainiko ditu herriko emaitzak Maxixatzen.eus-en, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.

Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu Maxixatzenek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide