Udal eta foru hauteskundeak 2023

Jeltzaleen ibilbidea eta erronkak izan ditu hizpide Joseba Egibarrek, batzokiaren 42. urteurrenean

Maialen Etxaniz 2023ko api. 27a, 09:37

EAJko eusko legebiltzarkideak eta Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak hitzaldia eskaini zuen atzo Elkarguneko Oteiza aretoan. Ana Azkoitia EAJren Azkoitirako alkategaiak ireki zuen solasaldia. Atzo 42 urte bete ziren alderdi jeltzaleak batzokia Azkoitiko Julio Urkixo kalean ireki zuela. Urtemuga gogoan egin zuten hitzaldia atzokoan. Bertan izan ziren EAJren Zestoako eta Azpeitiko alkategai Garikoitz Mendizabal eta Jabier Altuna ere.  

Joseba Egibar EAJko eusko legebiltzarkideak eta Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak hitzaldia eskaini zuen atzo, hilak 26, Elkarguneko Oteiza aretoan. 19:30ean hasi zen solasaldia, eta ordurako jende ugari zegoen zain aretoaren atarian.

Ana Azkoitiak, EAJk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako aurkeztu duen alkategaiak, ireki zuen solasaldia, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen ibiliari errepasoa eginez. Ondoren hartu zuen hitza Joseba Egibarrek. Alderdi politikoak hauteskunde kanpainan murgilduta daude, eta hauteskundeen inguruko hitzak ez ziren falta izan atzoko solasaldian. Dena den, Egibarrek jeltzaleen urte luzeko ibilbidea, lorpenak eta erronkak izan zituen hizpide nagusiki hitzaldian zehar. "Herrigintza" aldarrikatu zuen hark, eta aipatu zuen EAJk "asmatu" duela herrigintza eta politika egiten: "Erakunde sendoak ditugu, arazoei erantzuteko tresnak, kudeaketa zintzoa egin dugu, inbertsioak egin ditugu. Asmatu egin dugu erabaki estrategikoetan, eta ez bakarrik bide politiko eta demokratikoaren aldeko hautua egiteagatik. Asmatu izanak ekarri du herri hau honaino". Era berean, kritiko agertu zen beste hainbat mugimendu eta alderdirekin. Aipatu zuen Ezker Abertzaleak ez duela atzera begiratu nahi; ez duela "memoria eta iragana irakurtzeko prestutasunik" agertu. Era berean, "adanismoa" egotzi zien Ezker Abertzaleko egungo politikariei. "Badirudi beraiekin hasi dela guztia; beraiek asmatu dutela hau eta beste, baina hori ez da horrela. Guk urteak daramatzagu benetako politika egiten, politikak sustatzen eta lorpenak eskuratzen", adierazi zuen. "Orain deskubritu dute zer den enpresa mundua, zer garrantzia duen horrek. Baina non egon dira orain arte?". Hori dela eta, azpimarra jarri zuen EAJk urteetan egindako ibilbidean eta eskuratutako lorpenetan, eta hainbat adibide jarri zuen mahaigainean. Halaber, "hankak lurrean" izatearen garrantzia nabarmendu zuen Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak: "Politika egingarriak proposatu behar ditugu, egin daitezkeen proiektuak proposatu, aldarrikatu eta gauzatu behar ditugu". 

Gaur egungo Azkoitiko EAJren zinegotziak ez ezik, solasaldian izan ziren EAJko zerrendakide berriak nahiz hainbat herritar. EAJren Zestoako eta Azpeitiko alkategai Garikoitz Mendizabal eta Jabier Altuna ere bertaratu ziren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen hitzaldia entzutera. Altunak gaur aurkeztuko du Azpeitiko EAJren zerrenda, eta ondoan izango du Egibar. 

Atzo 42 urte bete ziren Azkoitiko EAJk Julio Urkixo kalean batzokia ireki zuela. Honako lotura honetan irakur daiteke Azkoitiko batzokiak 40 urte bete zituenean hedabide honek egin zuen erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide