Hasi dituzte herriguneko errepideak asfaltatzeko lanak

Andoni Elduaien 2023ko api. 25a, 10:12
Julio Urkixo kalea, asfaltatzen. (Andoni Elduaien)

Gaur hasi dituzte errepideak asfaltatzeko lanak Julio Urkixo etorbidean. Asfaltos Urretxu S.L. enpresari esleitu dizkio lanak udalak, eta 229.531,14 euroko aurrekontua dute. Etorbide horretako eta Trenbidearen Zumardiako lanak amaitzeko lau aste inguru beharko dituzte.

Hasi dituzte herriguneko errepideak asfaltatzeko lanak. Gaur, asteartea, ekin diete Julio Urkixo etorbideko errepideko lanei. Asfaltos Urretxu S.L. enpresari esleitu dizkio lanak udalak, eta 229.531,14 euroko aurrekontua izango dute. 

Julio Urkixo etorbideko 20 zenbakitik Etxe-Zuri baserriaren pareko zubia pasatu arteko zatia asfaltatuko dute batetik, eta Trenbidearen Zumardia kaleko 1 eta 13 zenbakien arteko errepidea, bestetik. Bestalde, Madariaga auzoko eta Otzolarreko baserriko bideetan ere egingo dituzte asfaltatze lanak.

Eragina trafikoan

Errepideak asfaltatzeko lanek eragina izango dute trafikoan. Seinale bidez zuzenduko dute trafiko guztia, edota kasu batzuetan, desbideratu egingo dute. Julio Urkixo etorbideko lanak erdi bidera iristen direnean, esaterako, herrigunera sartu ahalko dira ibilgailuak, baina herrigunetik irteteko Trenbidearen Zumardiatik barrena bideratuko dute trafikoa.

Julio Urkixoko lanak bukatu orduko hasiko dituzte Trenbidearen Zumardia kaleko lanak. Gune horretan errepidea guztiz itxiko dute obrek irauten duten bitartean. Lanak lau astez luzatuko direla aurreikusi du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide