Alazne Larrañaga: "Negozio bat bizi-bizirik dagoen zerbait da, gaur inoiz baino gehiago"

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 20a, 08:15
Alazne Larrañaga. (Aitziber Arzallus)

Hogei urte baino gehiago daramatza Iraurgi Berritzenen lanean, eta beti jardun du eskualdeko ekintzaileekin eskuz esku. Herritar askori lagundu die ideia bat izatetik negozio bat martxan jarri arteko bidea egiten. Horregatik, eta jende eta toki asko ezagutzeko aukera eman diolako, oso gustuko du bere lana.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin zituen Alazne Larrañagak (Azkoitia, 1973), eta horiek bukatukoan, Nazioarteko Merkataritzan graduondokoa ere bai, nahiz eta sekula ez duen esparru horretan lanik egin. Egunkarian ikusi zuen Iraurgi Berritzenen ekintzailetza teknikari lanpostu bat eskaintzen zutela, aurkeztu egin zen, eta hautaketa prozesua gainditu ondoren, hartu egin zuten. 2001eko otsaila zen Urola Erdiko garapen agentzian lanean hasi zenean, eta 22 urte geroago, hortxe jarraitzen du. Urte askoan bakar-bakarrik jardun zuen eskualdeko ekintzaileei laguntzeko lanean, baina orain dela sei urtetik, beste lankide bat eta biak aritzen dira horretan.

Iraurgi Berritzeneko ekintzailetza arloaren arduradun gisa, zeintzuk dira zure ardurak eta betebeharrak?

Gure arloaren indargune nagusia edo elementu zentrala eskaintzen dugun zerbitzua da, eta zerbitzu horrek bi atal ditu. Parte bat da ekintzaile bat ideia batekin etortze zaigun momentutik enpresa martxan jartzen duenera artekoa, eta bestea da enpresa martxan jarri eta lehendabiziko hiru urteetan egiten diogun jarraipena. Zerbitzutik haratago, gure zeregina haziak ereiten joatea dela ulertzen dugu, jarrai dezan ekintzaileak egoten, horiek gugana etor daitezen eta eskualdean enpresak sor ditzaten. Horretarako hainbat proiektu ditugu martxan: hezkuntzan, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleekin ekintzailetza sustatzeko ekintzak egiten ditugu, hedabideen bidez gure jardunaren berri ematen saiatzen gara, formakuntza saioak eta tertuliak antolatzen ditugu negozio txikiak dituzten ekintzaileentzat eta abar.

"Gaur egun, ia ezinezkoa da soilik produktuen salmentatik negozio bat aurrera ateratzea"

Gustuko al duzu zure lana? Zergatik?

Bai, oso gustuko dut. Nire lanak eman dit aukera jende eta erakunde asko ezagutzeko, ekitaldi askotan parte hartzeko, herritar askori beraien ilusioak bideratzen laguntzeko; azken finean, lanari esker aukera izan dut gauza pila bat ezagutzeko, ikusteko eta ikasteko, bestela ezingo nituzkeenak. Horrez gain, oso atsegina da ikustea zugana laguntza eske etorri den herritar batek bere negozioa jarri duela, ondo joan zaiola eta ibilbide oparoa egin duela; besteen arrakasta, parte batean, neure sentitzen dut. Egia da batzuetan kontrakoa ere gertatzen dela, negozio batek aurrera ez egitea, eta egoera horiek, pena ez ezik, zer pentsatua ere ematen didate.

Ekintzaileek zer helbururekin jotzen dute zuengana?

Nagusiki, bi eratako ekintzaileak etortzen dira gugana. Batzuek, behar duten dirulaguntza lortu ahal izateko instrumentu bat bezala ikusten gaituzte; beste batzuek, berriz, buruan duten ideia hori garatzeko bidelagun bezala. Ideia bat izaten dute, baina hori garatzeko zer egin behar duten arrastorik ez, eta horiei ideiari forma ematen laguntzen diegu, ideia horren inguruan argitu beharreko elementuak argitzen, elementu klabeak definitzen, ideia hori enpresa bihurtu arteko urratsak zehazten, arreta zertan jarri behar duten eta zertan ez ikusarazten... Askok uste izaten dute lan horiek guk egingo dizkiegula, baina gure eginbeharra gehiago da beraiei horiek eginaraztea. Adibidez, gure lana ez da ekintzaile baten balizko bezeroak nolakoak izango diren definitzea; hori berak egin beharko du, baina guk lagun diezaiokegu galdera egokiak egiten, gero berak erantzun ditzan. Guretzako askoz aberasgarriagoa da bigarren mota horretako herritarrak edo ekintzaileak etortzea; prozesua zein emaitza oso bestelakoak izaten dira halakoetan.

Ekintzaile askok jotzen al dute zuengana?

Iaz, ideia potentzial bat zuten 89 herritar etorri ziren gugana. Ideiari buelta bat eman eta bigarren bilera bat izatera 44 animatu ziren, eta horietatik enpresa bat martxan jarri zutenak, 28 dira. Horren barruan daude dirulaguntzak lortzeko instrumentu soiltzat ikusten gaituztenak ere, azkenean enpresa bat sortu badute, horiek ere zenbatu egiten ditugulako. Kopuru horietan mugitzen gara, urtero 80-90 bat lagunen bueltan.

Iraurgi Berritzen bezalako erakunde bat hurbil izateak zer-nolako garrantzia du inguruko ekintzaileentzat?

Lagunduta eta babestuta sentitzen direla iruditzen al zaizu? Baietz esango nuke. Hori bai, argi utzi nahi dut guk ez daukagula makilatxo miragarririk. Gu bidelagunak gara, eta gugana jotzen duenari bidea erraztu geniezaioke, dudak argitu, ondo etor dakizkiokeen baliabideen berri eman, gure kontaktu sarea bere beharrak asetzen laguntzeko erabili... Hortik aurrerakoa, ordea, norberak egin behar du.

"Silver kolektiboa, 50 urtetik gorakoena, oso interesgarria da, potentzial handikoa"

Ekintzailetzarako zer moduzko garaia da oraingoa?

Normalean, krisialdi bat gainditu ostean, sormena aktibatuta egoten da, eta krisi ondorenak ekintzailetzarako garai onak izaten dira. Oraingoa ona edo txarra den ez dakit, baina ekintzailetzan aldaketa batzuk gertatzen ari direla ikusten ari gara. Orain dela urte batzuk, merkatuan aukera bat ikusita ekiten zen, zerbaiten falta sumatu edo behar bat ikusi eta horri erantzuteko negozio bat zabaltzen zen. Modu horretara ekitea, ordea, geroz eta zailagoa da. Gaur egun ia ezinezkoa da soilik produktuen salmentatik negozio bat aurrera ateratzea, produktua oso esklusiboa ez bada behintzat. Beraz, produktu horri zerbitzuak gehitzea da gure gomendioa, hori, oraindik ere, ondo balioesten dutelako bezeroek. Beste joera bat izan daiteke egokituta dauden establezimenduak hartzea, obra txiki bat edo inbertsio xume bat eginez, eta funtzionatzen badu, gero joatea handitzen. Eskualdatutako negozio bat hartzea ere aztertzeko moduko aukera da, eta, gainera, negozio horiek izaten dituzte onura batzuk: bezeroak batzuk eginda izaten dituzte, marka batzuk lotuta... Lehen joera bestelakoa zen, ohikoa zen obrako lokala hartu eta negozioa hutsetik sortzea, behar zen diru guztia inbertituta.

Lehen negozio aukera ikusita ekiten zela esan duzu, baina orain ezetz. Orain zergatik ekiten du jendeak?

Beharrak mugituta ekiten dute askok, eta horrela ekiteak arrisku handia du. Negozio bat muntatzean, etekinak ez dira berehala ikusten, denbora bat behar izaten da, eta beharrak bultzatuta hasten zarenean eta etekinik ikusten ez duzunean, urduri jartzen zara.

Zeintzuk dira negozio aukera gehien ikusten dizkiezun sektoreak?

Silver kolektiboa oso interesgarria da, potentzial handikoa. Zergatik? 50 urtetik gorako herritarrak oraindik osasuntsu daudelako, ekonomikoki egonkortasun bat izan ohi dutelako eta beraien buruari kapritxo batzuk emateko prest egon daitezkeelako. Kolektibo horri zuzenduta, aukerak egon daitezke osasunaren ikuspegitik, aisialdiaren ikuspegitik... Beste esparru interesgarri bat elikadurarena izan daiteke, gizartean sentsibilitate ugari daudelako; eta ziur naiz teknologia arloan ere etenik gabe joango direla aukera berriak sortzen. Hala ere, bada kontuan izan beharreko gauza bat: horrelako ideia berritzaileek etorkizuna izan baduten arren, askotan merkatuan denbora bat igaro behar izaten dute herritarrek horiek ezagutu eta balioetsi ditzaten. Aldiz, negozioa jarri duenak errentagarritasuna bilatzen du, eta beti ez du izaten zain egoteko astirik eta baliabiderik. Horrekin esan nahi dudana da, gerta daitekeela gaur ateak itxi behar izan dituen negozio batek datorren urtean sekulako arrakasta izatea.

"Gaur itxi behar izan duen negozio batek datorren urtean arrakasta izan dezake"

Zenbat denbora behar da negozio bat errentagarria izango den ala ez jakiteko?

Lehenengo hiru urteak kritikoak edo gorabeheratsuak izaten direla esan ohi dugu. Gutxienez urtebete bat behar izaten da lehendabiziko ondorioak atera ahal izateko, bezeroak nola portatzen diren ikusteko, horiek zer balioesten duten eta zer ez jakiteko. Gero, erabakitzen da komeni den egokitzapenen batzuk egitea edo ez, eta horien emaitzak ikusteko ere denbora behar izaten da. Izan ere, egokitzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Gaur egun ez du funtzionatzen pertsiana jaso eta zain egoteak; merkatuan gertatzen diren aldaketei eta joerei adi egotea beharrezkoa da, konpetentziak egiten dituen mugimenduak zeintzuk diren jakitea, bezeroei entzutea, eta horietara guztietara moldatzeko gaitasuna izatea. Negozio bat bizibizirik dagoen zerbait da, gaur inoiz baino gehiago.

Ekintzaile jaio ala gerora egiten da?

Gu enpresak martxan jartzen dituzten ekintzaileez ari gara hizketan, baina, adibidez, kuadrilla batean bazkariak eta afariak antolatzen dituena ez al da ekintzailea? Geldirik egon ezin duten pertsonek eta erraz konformatzen ez direnek izan dezakete izaera ekintzaileagoa, baina gero entrenatu egin behar da hori, eta badaude eragina izan dezaketen elementu batzuk ere: inguruan zer ikusi duen, zer bizi izan duen...

Zeintzuk dira ekintzaile on batek ezinbestean bete behar dituen ezaugarriak?

Pertsona errealista izan behar du, eta enpatikoa, alegia, jendearekin harremanak egiteko, hitz egiteko eta komunikatzeko erraztasuna eduki behar du, eta saltzen jakin. Sakrifizio gaitasuna izatea ere ezinbestekoa da, konstantea izatea, eta burugogorkeria pixka bat ere behar da. Horrez gain, diruarekin harreman sanoa izan behar du.

Eta zeintzuk dira ekintzaileen akatsik ohikoenak?

Beraien ideiak ez daukala parekorik eta merkatuan ez dutela izango konpetentziarik pentsatzea. Gaur egun, ez dago horrelakorik.

Ekintzaileei emango zeniekeen aholku bat?

Oso argi daukat: martxan jarri nahi duten negozio horren inguruan pentsatzeko denbora inbertitzeko. Ideiak oso orientatuta egon behar du merkatura; hau da, ideiak erantzun behar dio merkatuan dagoen behar, eskaera edo arazo bati, gutxieneko bezero kopuru bat identifikatuta eduki behar du eta negozioa muntatzeko egin beharreko gastuak neurtua izan behar du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide