Asfaltatze lanak egingo ditu udalak herriko hainbat puntutan

Andoni Elduaien 2023ko api. 20a, 10:49
Julio Urkixo etorbideko errepidea da asfaltatuko dutenetako bat. (Andoni Elduaien)

Datorren astean hasiko dituzte errepideak asfaltatzeko lanak. Asfaltos Urretxu S.L. enpresari esleitu dizkio lanak udalak, eta 229.531,14 euroko aurrekontua dute. Erakundearen arabera, "hilabeteren buruan lan guztiak bukatuta" izango dira.

Udalak herriko zenbait puntutako errepideak asfaltatuko ditu datozen asteetan. Herrigunean eta mendi auzoetan egingo ditu lanok erakundeak. Asfaltos Urretxu S.L. enpresari esleitu dizkio lanak udalak, eta 229.531,14 euroko aurrekontua izango dute. 

Herrigunean, Julio Urkixo etorbideko 20 zenbakitik Etxe-Zuri baserriaren pareko zubia pasatu arteko zatia asfaltatuko dute batetik, eta Trenbidearen Zumardia kaleko 1 eta 13 zenbakien arteko errepidea, bestetik. Lan horiek datorren astean hasiko dituzte, "eguraldiak oztopatzen ez badu". Bestalde, Madariaga auzoko eta Otzolarreko baserriko bideetan ere egingo dituzte asfaltatze lanak.

Udalak azaldu du obrek "eragozpenak" sortuko dituztela, nahiz eta horiek "murrizten" saiatuko direla adierazi. Gunearen arabera, trafikoa seinale bidez zuzenduko dute, edota kasu batzuetan, desbideratu egingo dute. Julio Urkixo etorbideko lanak erdi bidera iristen direnean, esaterako, herrigunera sartu ahalko dira ibilgailuak, baina herrigunetik irteteko Trenbidearen Zumardiatik barrena bideratuko dute trafikoa.

Julio Urkixoko lanak bukatu orduko hasiko dituzte Trenbidearen Zumardia kaleko lanak. Gune horretan errepidea guztiz itxiko dute obrek irauten duten bitartean. "Hilabeteren buruan", lan guztiak bukatuta izatea aurreikusi du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide