Eduki babestua

'Herrixe' pizteko bonuak, salgai

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 16:47

Sektore guztiei laguntzeko helburua duten bonuak salgai jarri ditu Azkoitiko Udalak Herrixen Merkatari elkartearen laguntzarekin. 466 bonu aurrez aurre erosteko aukera izango da datorren astelehenean, Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean.

Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak 666 erosketa bonu jarri dituzte salgai Piztu Herrixe! kanpainaren barruan. Horietatik 466 bonu aurrez aurre erosteko aukera izango da datorren astelehenean, Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean.

Ohi bezala, bonua erosten dutenek %50eko deskontua izango dute. Izan ere, bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta haren balioa 60 eurokoa izango da; hau da, hamar euroko sei txartel jasoko dituzte herritarrek beste horrenbeste sektoretan trukatzeko. Maiatzaren 31ra arte izango da bonuak erabiltzeko aukera.

Bonuen sei txartelak koloreka banatuko dituzte, saltokiak bereizteko asmoz. "Bonuak txarteletan banatzearen arrazoia da udalaren laguntza establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea, gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestuz eta laguntza ahalik eta txikizkako negozio gehienetara iristea ahalbidetuz".

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan kartel bat agertuko da, bezeroak jakin dezan zein den bertan erabili daitekeen bonua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide