Maritxu Errazkin hil da

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 11a, 16:40
Maritxu Errazkin.

Aldalur autobus enpresaren sortzaileetakoa, autobuseko gidabaimena atera eta ibilgailu horiek gidatzen aritu zen Gipuzkoako lehen emakumea, Joxe Mari Korta saria jaso zuen iaz.

"Nire gustuko lana izan da gidatzea, sekula ez dut izan horretarako alfergurarik", zioen Maritxu Errazkinek duela bi urte, 2021eko maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako elkarrizketan. Atzo hil zen Errazkin eta bihar izango da haren hileta elizkizuna, parrokian.

Roke Aldalur senarrarekin batera sortu zuen Errazkinek, duela 60 urte pasa, Aldalur autobus enpresa, eta bertan egin zuen lan duela gutxira arte, besteak beste, gidari gisa; autobuseko gidabaimena atera eta ibilgailu horiek gidatzen aritu zen Gipuzkoako lehen emakumea izan zen. Ibilbide aitzindariari egindako aitortzak jaso zituen Errazkinek: 2003. urtean, Laneko Merezimenduaren Domina eman zion Espainiako Gobernuak; iaz, berriz, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Joxe Mari Korta sarietako bat Errazkinentzat izan zen, eta etxekoek jaso zuten, haren izenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide