Iñaki Orejak kolorez betetako margolanen erakusketa zabaldu du Portaleburun

Ane Olaizola 2023ko api. 1a, 12:39

Artista zumaiarrak azken bi urteetan egindako 33 lan jarri ditu ikusgai aretoan; koloreen erabilera da Orejaren lanen bereizgarri, eta apirilaren 16ra artean ikus daitezke haren koadroak. 

Iñaki Orejak Kolorearekin jolasean erakusketa zabaldu du Portaleburu aretoan, eta apirilaren 16ra bitartean izango dira artista zumaiarrak azken bi urteetan sortu dituen margolanak ikusteko aukera.

Mihise, metakrilato zein kartoi gainean margotutako 33 koadro jarri ditu Orejak Azkoitian ikusgai, artistaren lanetan hain bereizgarriak diren kolorez, "forma ausartez eta mugimendu handiez" osatuak. "Niretzat oso garrantzitsua da kolorea, eta kolorea manipulatzen saiatzen naiz, hari ahalik eta tonu gehien ateratzeko. Beraz, kolore paleta guztia erabiltzen dut; nire lanetan kolore guztiak daude".

Esprespresionismo abstraktuaren barruan kokatu ditu artistak bere lanak: "Mihise zuri baten aurrean jartzen naizenean, aurrez pentsatzen aritzen naiz zer kolore erabiliko ditudan. Kolore horiek mihisean plasmatzen ditut, eta badakit zer traza eman dezakedan. Izan ere, beti espatularekin margotzen dut". Hainbat teknika erabili ditu Orejak erakusketako lanak egiterakoan, hala nola akrilikoa, oleoa eta teknika mistoa. 

Apirilaren 16ra bitartean, ostiraletan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara artean egongo da zabalik erakusketa. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide