Gelatik Plazara egitasmoaren bertso saioa egin dute Elkargunean

Ane Olaizola 2023ko api. 1a, 09:00
Bertso saioko parte hartzaileak. (Azkoitiko bertso eskola)

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean antolatu dute Gelatik Plazara egitasmoa, eta haren barruko saioa eskaini zuten hainbat gaztetxok atzo. 

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean antolatutako Gelatik Plazara egitasmoak Azkoitian egin zuen geldialdia, atzo. Elkargunean egin zuten bertso saioa hainbat gaztetxok, eta hain zuzen, Erniarraitz bertso eskolan aritzen diren Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako 24 ikaslek parte hartu zuten. Taldetan banatuta, hainbat lan egin behar izan zituzten taula gainean: agurra abestea, puntua erantzutea koplan, gaia eta bi edo lau oin emanda kopla zein bertsoa osatzea eta beste bertsolari bati erantzutea kopletan. Azkoitiko bertso eskolako Nora Arrizabalaga, Nora San Juan, Garazi Larrañaga eta Greta Etxaniz nagusitu ziren Elkarguneko saioan.

Martxoaren 3az geroztik, zazpi bertso saio egin dituzten Gelatik Plaza egitasmoaren barruan. 14 urtez azpiko 170 ikaslek parte hartu dute, eta asmoa da bertso eskoletako ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea eta Eskolarteko Txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide