Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azkoitiko EAJk talde "orekatua" osatu du udal hauteskundeetarako

Ane Olaizola 2023ko mar. 31a, 12:12

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu zuen atzo arratsaldean Azkoitiko EAJk, Elkargunean, eta dozenaka alderdikide eta herritar bildu zituen. Egun Udal Gobernuan dauden zortzi ordezkariak daude datorren agintaldirako zerrendan, eta 2019ko udal hauteskundeetarako aurkeztu ziren kideetatik hamalauk errepikatuko dute; sei dira berriak. "Gobernuan egotearen eskarmentua, informazioa eta ezagutza" azpimarratu zituen Ana Azkoitia alkategaiak.

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautes zerrenda aurkeztu zuen atzo, osteguna, arratsaldean Azkoitiko EAJk, Elkargunean egin zuen ekitaldian. Dozenaka alderdikidek eta herritarrek jarraitu zuten aurkezpen ekitaldia, eta Ana Azkoitia alkategaiak ez ezik, egungo alkate Javier Zubizarretak, Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidente Asier Aranbarrik eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bozetarako Deba-Urola barrutiko zerrendaburu Maria Eugenia Arrizabalagak parte hartu zuten saioan.

Azkoitiaren arabera, talde "orekatua" osatu du Azkoitiko EAJk, lehengo alderdikideek eta berriek osatzen baitute hura. Izan ere, egun Udal Gobernuan dauden zortzi ordezkariak daude datorren agintaldirako zerrendan, eta 2019ko udal hauteskundeetarako aurkeztu ziren kideetatik hamalauk errepikatuko dute; sei dira berriak. "Esan ohi da herritarrak aspertu egiten direla beti aurpegi berberak ikusten, baina lan ona egiten duenari jarraikortasuna eman behar zaio, berak nahi badu behintzat", esan zuen alkategaiak. Honako hauek osatzen dute, hurrenez hurren, hautes zerrenda: Ana Azkoitia, Sonia Vazquez, Imanol Arrizabalaga, Marijose Arregi, Igor Isuskiza, Mertxe Zubillaga, Juan Bautista Mendizabal, Kristina Beristain, Unai Andueza, Mikel Zubizarreta, Amaia Larrañaga, Miguel Angel Bastida, Angel Martin, Jose Ramon Aranbarri, Jaione Balenziaga, Maitane Unanue, Jose Mari Flores, Pello Larrañaga, Amaia Zubizarreta eta Javier Zubizarreta.

Azkoitiaren arabera, taldea "lanerako prest" da, eta programa lantzen ari da. Bide orriaren zertzelada batzuk eman zituen atzo, eta programak hiru ardatz izango dituela jakinarazi zuen: "Lehena da eskualdea, bere izaera eta elkarlana; bigarrena, herria eta herritarrak; eta hirugarrena, udala eta haren kudeaketa".

Jasotako babesaz eta konfiantzaz esker oneko agertu zen Azkoitia. Haren esanetan, duela hamasei hilabete hasi zen lan programa marrazten, "abantaila handi" batekin: "Gobernuan egotearen eskarmentua, informazioa eta ezagutza. Urte hauek ez dira alferrikakoak izan; bideak asko erakutsi digu, eta prest gaude aurrea egiteko". Azkoitiak azpimarratu zuen "herrigintza" dela taldearen "apustua", "beharrezkoa" delako politika. Agintaldian zehar egindako hainbat "lorpen" aipatu zituen hark, hala nola San Jose egoitzako, Berdura Plazako eta Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen berritze lanak.

Javier Zubizarretak, bere aldetik, alkategaiaren lana goraipatu zuen bere hitzartzean, eta auzoz auzo egin dituen solasaldietan jasotako babesa azpimarratu zuen. Lantaldea ere zoriondu zuen alkateak, "jakin" duelako "benetako nortasuna" izaten, eta "konpromisoa" erakutsi duelako. Zubizarretak gogoratu zuen Azkoitiak duela zortzi urte bere lana utzi eta "pauso berria emateko jauzia" egin zuela: "Iritsi zenean, nabarmena izan zen. Zortzi urtean, erakutsi digu guztia egiteko prest egon dela".

"Jokoa", EAJren eta EH Bilduren artean

Asier Aranbarrik ere hitz egin zuen ekitaldia hasteko, eta hark EAJren azken hamarkadetako errepasoa egin zuen. Alderdiak, hasieratik, "humanismoaren eta demokraziaren bidea" hartu duela azpimarratu zuen hark, eta "erabaki estrategikoetan asmatu" duela gaineratu. "Azkoitian ere asmatu dugu, esaterako, ikuspuntu urbanistikotik. Orokorrean, industriaren aldeko apustua egin dugu herrian, eta gutxi hitz egiten da horretaz eta enpleguaren sorreraz". Alkate ohiaren hitzetan, taldea "harro" dago egin duenaz, eta etorkizunari "konpromisoz" begiratzen dio.

Maiatzaren 28ko udal bozei dagokienez, berriz, Ana Azkoitiaren eta EH Bilduren alkategai Asier Altunaren artean "jokoa" dagoela adierazi zuen hark. "Askok esango duzue Anak erraz irabaziko dituela hauteskundeak, baina ez. 2011n ere inork ez zuen uste Azkoitian Bilduk irabaziko zituenik hauteskundeak, baina irabazi egin zituen. Orain ere joko bera daukagu, eta gero damutzea alferrik da. Azkoitia Baiko burua ez da alkatea izango, eta hark erabaki beharko du zeini emango dion botoa. Ziurrenik, guri ez digu emango. Zalantzarik ez edukitzeko, beraz, Anari eman behar diogu botoa. Badakigu EH Bilduk zer ekarri zuen bere garaian: lau urteetan, zortzi-hamar urteko atzerapena. Damurik izan ez dezagun, maiatzaren 28an badakigu zer egin behar dugun: Ana Azkoitiari botoa eman".

Maria Eugenia Arrizabalagak, bere aldetik, azaldu zuen herrigintzan aritzeko "konpromisoa eta erabakitzeko gaitasuna" ezinbestekoak direla, eta Aranbarrirekin bat egin zuen esatean EAJk asmatu egin duela "erabaki garrantzitsuetan". Aranbarriren ildo beretik hitz egin zuen Arrizabalagak ere, eta EH Bildu izan zuen jomugan. Koalizioaren "kamuflaje estrategia" eta "ezkortasuna" salatu zituen hark.

(Argazkiak: Azkoitiko EAJ eta Ane Olaizola)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide