2.541.964 euroko kreditu aldaketa onartu du udalak, hainbat esparrutako lanetarako

Ane Olaizola 2023ko mar. 30a, 16:35

Kreditu gehigarri bidez onartu du Azkoitiko Udalak bi milioi eta erdi euroko aldaketa, eta zatirik handiena, erdia baino gehiago, Azkoitia Lantzenek hartuko du, Malkorbide kaletik Altamira auzunerako bidea egin ahal izateko. Urola Industrialdea sozietate anonimoak, bestalde, kapitala handitu du bere zorrari aurre egiteko. Udala sozietatearen partaide izanik, erakundeak datozen lau urteetan 332.624 euro emango dizkio Urola Industrialdeari.

Martxoko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo arratsaldean udalbatzak. Besteak beste, udal langileei aurten ordainsaria %2,5 igotzea onartu zuten aho batez, baina bilkuraren tarte berezia kreditu aldaketek hartu zuten: guztira, 2.541.964 euroko kreditu aldaketa onartu zuten askotariko inbertsioetarako zein lanetarako.

Kreditu gehigarri bidez onartu zuen udalak bi milioi eta erdi euroko aldaketa; hau da, aurrekontuaren gerakina erabiliko du horretarako. Hainbat esparruk barnebiltzen dute kreditu aldaketaren zenbateko osoa, eta kopuru nagusiena Azkoitia Lantzen sozietate publikoak hartuko du: 1.583.160 euro. Azkoitia Lantzen udalaren sozietate publikoa izanik, diru ekarpena egingo dio erakundeak hari, Ana Azkoitia alkateordeak adierazi zuenez. Haren arabera, Malkorbide kaletik Altamira auzunerako bidea egin ahal izango dute diru partida horren bidez.

Era berean, Xabier Munibe ikastolan egingo dituzten inbertsioetarako bi partida onartu zituzten: bata, hango ekitaldi gela egokitzeko (86.294 euro), eta bestea, eskolan LED argiak jartzeko (27.809 euro). Azkoitiak jakinarazi zuenez, bi proiektu horiek 214.000 eta 49.000 euroko aurrekontua dute, hurrenez hurren, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du falta den zenbatekoa.

Hilerrian dagoen errausketa-labea egokitzeko, berriz, 60.000 euro bideratuko dituzte. Eraikin publikoetan suaren kontrako babes sistemak jartzeko, 50.000 euro jarriko dituzte, eta izaera bereko eraikinetan auto babes planak egiteko, 10.000 euro.

Kreditu globalerako, berriz, 50.000 euro gordeko ditu udalak. Modu honetara arrazoitu zuen Azkoitiak kreditu aldaketa hori: "Ezusteko batzuk etortzen badira, ondo etortzen da dirua izatea, maniobrak egiteko tartea ematen digulako". Bestalde, Urola Industrialdea sozietate anonimoak bere kapitala handitzea onartu duela eta, aurten 83.160 euroko ekarpena egitea ere onartu zuten.

Horrez gain, bost dirulaguntza onartu zituzten honako elkarte eta jarduera hauetarako: Txuri Urdin elkartea (5.500 euro), Parrokia (7.000 euro), Holz Und Blech jaialdia (6.000 euro) eta zabor bilketarako zerbitzua (650.000 euro).

Azkoitia Lantzeni "buelta eman nahian"

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten 2.541.964 euroko kreditu aldaketa, oposizioko bi taldeek, EH Bilduk eta Azkoitia Baik, kontra bozkatu baitzuten. "Orokorrean ados gaude kreditu aldaketaren barneko zenbait punturekin, baina San Jose egoitzan igogailua egiteko 650.000 euroko kreditu aldaketaren kontra agertu ginen bere garaian, eta hori zabor bilketarako zerbitzuari dagokion kreditu aldaketaren ondorioa izan da, eta ez zaigu gustatu erabilera hori", arrazoitu zuen Iraitz Otaño EH Bilduren bozeramaileak.

Plataformak, bere aldetik, azaldu zuen hainbat kreditu aldaketarekin ados dagoela, baina ez zuen ontzat jo udalak Azkoitia Lantzeni egingo dion ekarpena: "2008. urtean egindako handikerien ondorioz hartutako obligazioen ondorioak datozkigu berriro. Urte haietan, Azkoitia Lantzen sozietate anonimoa sortu zuen udalak, etxebizitzen espekulazioan tartaren zati bat eskuratzeko asmoz, eta besteak beste, Txalonerrekako bidea egiteko betebeharra hartu zuen. Duela hamabost urte sortutako sozietate hari oraindik ere buelta eman ezinik ari zarete". Taldeko bozeramaile Jose Joakin Etxanizek gogoratu zuen udalak, abenduan, 750.000 euro jarri zituela "Azkoitia Lantzenen arazoak" zuzentzeko. "Orain, nahitaez, bide hori egiteko beste 1.500.000 euro gastatu beharko ditugu, eta ez dugu uste herritarrak mugimendu horien jabe direnik". Javier Zubizarreta alkateak Etxanizi erantzun zion Azkoitia Lantzenen egoerari "buelta ematen" ahalegintzen ari direla: "Behin eta berriz esaten ari gara egundoko arazoa dugula [Azkoitia Lantzenekin], baina saiakera guztiak egingo ditugula egoera konpontzeko. Arazotik irteteko aukera dugula ikusten dugunean, gainera, likideziara eramango dugu. Garai batean beharra eduki bazuen ere, egun ez dugu ikusten hala dagoenik".

Urola Industrialdeari, 332.624 euro

Urola Industrialdearen kapitala handitzea eta Azkoitiko Udalak han duen harpidetza ere onartu zituen udalbatzak, atzo. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk dute akzioen gehiengoa, eta Azkoitiko Udalak %8,97ko parte hartzea du sozietate horretan; ondorioz, datozen lau urteetan 332.624 euroko diru ekarpena egin beharko dio udalak sozietateari. Horretarako, urtero sozietateari 83.160 euro emateko konpromisoa hartu dute —aurtengoa kreditu gehigarri bidez onartu dute—.

Zubizarretak azaldu zuenez, sozietateak dituen zorren eraginez hartu du Urola Industrialdeak bere kapitala handitzeko erabakia: "Hainbat zor atzeratzen ari da sozietatea, baina mugara iritsi da. Zorraren erdia kalkulatu dute kapitala handitzeko garaian, eta proportzioan guri dagokiguna da jarri behar dugun zenbatekoa". Haren arabera, industrialde horretan dauden enpresa eta langile kopurua kontuan hartuta, hark uste du udalari dagokiola sozietate horri "laguntzea". Udalak Urola Industrialdean duen kapitala handituta, erakundeak 55.345 akzio berri izango ditu sozietate horretan.

Azkoitia Bai erabaki horren aurka agertu zen, herriarentzat "diru asko" delakoan: "Urolako Industrialdeak Sprilur enpresa garapenerako euskal agentziari dirua zor diola diozue. Sprilur enpresa eta industria guneen garapenean lagungarri izateko sortu zuen Jaurlaritzak. Zor hori kitatzeko kapital handitze bat egin beharko da, baina gure herriarentzat, nahiz eta lau urtetan ordainduko dugun, 332.000 euro diru asko da". Gainontzeko taldeek erabakiaren alde egin zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide