Erramu Egunarekin hasiko dira Aste Santuko ekintzak herrian

Andoni Elduaien 2023ko mar. 31a, 10:00
Erramu Eguneko prozesioko irudietako bat. (Artxiboa)

Erramuen bedeinkapena egiteko, herriko kristauak plazan elkartuko dira igandean, 11:00etan. Ondoren, prozesioan joango dira elkarrekin parrokiara, eta han meza eskainiko du Felix Azurmendi erretoreak. Aste Santuko ekintzak datorren ostegunetik igandera bitartean egingo dituzte herrian.

Etzi, igandea, Erramu Eguna ospatuko dute Azkoitian. Ohi bezala, erramuak bedeinkatuta hasiko dituzte herriko kristauek Aste Santuko ekintzak. Igandean, 11:00etarako jarri dute hitzordua herriko plazan, eta orduan egingo dute ospakizun nagusia; izan ere, Felix Azurmendi herriko erretoreak herritarrek eskainitako erramuak bedeinkatuko ditu plazan.

Erramuak bedeinkatu ondoren, parrokiara joango dira guztiak prozesioan, han meza nagusia eskainiko baitu erretoreak. Parrokiara bidean, katekesiko haurrek Jesusek Jerusalemera egindako sarrera antzeztuko dute. Antzezpenean parte hartu nahi duten haurrek 10:30erako kantzelera joan beharko dutela adierazi du Azkoitiko Parrokiak.

Apirilaren 6an, Ostegun Santuan, jarraituko dute Aste Santuko ekitaldiek herrian, eta aurten ere ez dute hutsik egingo Ostiral Santuko bi prozesio ezagunek; 17:00etan izango dira Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna eta ondoren, 18:00 inguruan hasiko da prozesioa. Gauean, 21:30ean, Hilobirako Prozesio Santua egingo dute parrokiatik Jausoroko San Frantziskoren elizatxora edo Bakardadekoaren kaperara –elizatxo horretan gurtzen da Doloretako Ama Birjinaren irudia–.

Hain justu, Aste Santuko ekintza horietan guztietan herritarrek parte har dezaten Azkoitiko Parrokiak zabaldutako izen-emateak zabalik jarraitzen du. Parrokiak haurrei dei egin die, apostolu, nazareno edota aingeru bezala parte har dezaten. Prozesioetan kalera ateratzen dituzten pausoak garbitzeko nahiz janzteko, pausoak eramateko edota desmuntatzeko, berriz, helduen beharra dutela adierazi dute parrokiako kideek.

Prozesioetan parte hartu nahi duten herritarrentzat formulariok zabalduta dituzte, bertan izena eman dezaten. Erramu Igandean eta Ostiral Santuko prozesioan parte hartu nahi duten haurrek honako lotura honetan eman beharko dute izena. Aldiz, Aste Santuko ekintzetan parte hartu nahi duten helduek, hemen

Egitaraua, osorik

Etzi hasi eta hurrengo igandera bitartean, askotariko ekitaldiak antolatu ditu Azkoitiko Parrokiak Aste Santurako. Hona hemen egitaraua, osorik:

Apirilak 2. Erramu Igandea:

  • 11:00etan, erramuen bedeinkapena herriko plazan, prozesioa eta meza nagusia.

Apirilak 6. Ostegun Santua:

  • 11:00etan, parrokian haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
  • 12:30ean, bisita gidatua parrokian: Parrokia eta Aste Santuko irudiak.
  • 17:00etan, meza, Santa Klara elizan, gaztelaniaz.
  • 19:00etan, Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian, euskaraz.
  • 21:00etan, otoitzaldia: Gau Gurtza.

Apirilak 7. Ostiral Santua.

  • 09:00etan, parrokia irekiko da gogoetarako eta bisitarako.
  • 11:00etan, Gurutze Bidea.
  • 16:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 17:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30ean, Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 8, larunbata. Pazko Bezpera.

  • 21:00etan, Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

Apirilak 9,  Pazko Igandea.

  • 11:00etan, Pazko meza nagusia.

Hona hemen egitaraua osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide