Oskarbi taldearen eta Iraurgi abesbatzaren kontzertua bihar, Baztartxon

Andoni Elduaien 2023ko mar. 31a, 08:42
Oskarbi taldea osatzen duten kideak. (Oskarbi)

19:00etan hasiko da taldearen eta abesbatzaren kontzertua Baztartxon. Sarrerak eskuratu nahi dituztenek, Entradium atarian dute horretarako aukera. Dena den, antzokiko leihatilan ere jarriko dituzte saltzen bihar kontzertua hasi aurretik.

Bihar, apirilak 1, Oskarbi taldeak eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzak Baztartxo antzokiko oholtza partekatuko dute (19:00). Oskarbik eta Iraurgi abesbatzak lehen aldiz eskainiko dute batera kontzertua.

Iraurgi abesbatzako kideek adierazi dute, Oskarbi taldeak egin ziola herriko abesbatzari kontzertu bateratua eskaintzeko proposamena. "Oskarbi taldeak iaz proposatu zigun kontzertu bat elkarrekin ematea. Iaz izan behar zuen, baina, azkenean, atzeratu eta larunbat honetan emango dugu".

Sarrerak eskuragarri daude Interneten. Hain zuzen, Entradium atarian eskuratu daitezke emanaldirako sarrerak 5 euroren truke, honako lotura honetan. Dena den, sarrerak Baztartxo antzokiko leihatilan ere salduko dituzte kontzertua hasi baino lehen.

Kontzertuaren programa

Kontzertuaren lehen zatian, talde bakoitzak hainbat obra abestuko ditu. Iraurgi abesbatza Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean arituko da bihar, eta, besteak beste, Oi Ama Eskualerri, Neskatx'ederra, Mendi Goietan, Hego haizea eta Mutil txaleko gorri abestiak eskainiko ditu.

Oskarbi taldeak, berriz, Oskarbi kantu kantore, Trinidadeak, Guek ajutu ez dugu, Trikiti-tauki, Tili eta Talala eta Kantua zuei abestiak kantatuko ditu. Ordea, bi taldeek elkarrekin beste bost abesti ere eskainiko dituzte; emanaldiaren amaieran arituko dira bi taldeak batera. Hain zuzen, Androkanto, Mariñela, Soin berriko koplak, Esperantzari eta Mendira naiz abestiekin gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Hona hemen kontzertuaren egitaraua osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide