'Sexberdinak', umorez eta minez tindatutako istorioa

Andoni Elduaien 2023ko mar. 30a, 08:47
Irureta eta Garmendia dira antzezlaneko aktoreak. (Ttanttaka)

Gautena eta Marea Urdina elkarteek elkarrekin antolatu duten Urdinduz egitasmoaren barruan eskainiko dute bihar, ostirala, antzezlana (19:00). Aretoa bete egingo da, azken sarrerak bakarrik gelditzen baitira saltzeko.

Ttanttaka Teatroa antzerki konpainiak Sexberdinak lana taularatuko du bihar, ostirala, Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da obraren emanaldia. 2023. urteko Urdinduz egitasmoaren barruan kokatu dute biharko hitzordua; izan ere, Gautena eta Marea Urdina elkarteek bat egin dute egitasmoa datorren igandean, apirilak 2, Azkoitia eta Azpeitia artean antolatzeko. Aste guztian zehar hamaika ekitaldi ari dira egiten egitasmoari lotuta.

Azkoitiko Udalak babesa erakutsi nahi izan dio egitasmoari, eta hori horrela, sarreren bidez lortutako diru guztia dohaintzan emango die egitasmoaren sustatzaileei. Hain justu, Entradium atarian eskuratu daitezke antzezlana bertatik bertara ikusteko sarrerak; gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen. Sarrerak 8 euroren truke eskuratu daitezke, honako lotura honetan.

Antzezlanari buruz

Bi lagunen istorioa da , umorez eta minez tindatutako bi lagunen istorioa da Sexberdinak antzezlana. Mireia Gabilondok zuzenduta, berriki aktore berri onenaren saria jaso duen Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute obra Baztartxon.

Anaren bihotza logela huts bat omen da, eta Nicok berea tatuatu nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta biak, eta ezezagun izatetik lagun izatera pasatuko dira. Duela hiru urte gertatu zen istorioa, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dute kontatzera doazena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak izango dituzte aztergai.

Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beraien bizipen afektibo-sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide