Pako Sudupe idazleak frankismo garaiko errepresioen inguruko liburua argitaratu du UEUrekin

Andoni Elduaien 2023ko mar. 29a, 13:00
Pako Sudupe idazle azkoitiarra.

Idazle azkoitiarrak memoria liburu bat argitaratu du Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) batera. Hain zuzen, frankismoaren garaiari eta testuinguruari lotutako liburua kaleratu du Sudupek. Azkoitiarrarentzat 1936an piztutako gerra bere gurasoena izan zen, eta lana haiei eskaintzeko gogoak bultzatuta ondu du.

Pako Sudupe idazle azkoitiarrak Errepresioa estatu frankista berriaren zimendu (1936-1948). Hilketen kontrako errepublikazaleak liburua argitaratu berri du Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU). Sudupe doktorea da Euskal Ikasketetan eta 2001etik Pasaiako Udaleko (Gipuzkoa) Euskara Zerbitzuan ari da lanean, euskara normalizatzeko teknikari lanetan.

UEUk Suduperi egindako elkarrizketa batean, azkoitiarrak adierazi du "aspalditik" zuela ideia buruan. "Aitak hiru urte egin zituen gerran, eta pasadizo asko kontatzen zizkidan mutikoa nintzela. Jaioterrira itzultzean, gerra-galtzaile izateagatik, arazoak izan zituen lana lortzeko. Eibarrera [Gipuzkoa] joan behar izan zuen lan egitera. Nire gurasoen bizitza asko markatu zuen 36ko gerrak, garai hartako beste askorena bezala. Gure aita 1911n jaioa zen, eta ni 1959an. Aitona-amonen gerra ez baizik, gurasoena ere izan zen. Hortik liburua idatzi eta gurasoei eskaintzeko gogoa", azaldu du Sudupek.

Azkoitiarren azken lana memoria liburu bat da, hain zuzen garai eta testuinguru zehatz bati lotutako memoria liburua. "Frantziako Iraultzan, Robespierek, Saint-Justek eta Couthonek izua ezarri zuten bezala, 1936an, Molak Nafarroa Garaitik eta Francok Afrikatik nahiz Queipo de Llanok Andaluziatik izua ezarri zuten, eta Trantsizioan ez zen erregimen frankistak eraikitako estatu faxista eraitsi. Felipe Gonzalezen PSOEk eta Camachoren PCEk onartu zituzten frankisten errebindikazio nagusiak: erreferendumik gabe Francok ezarritako Juan Carlosen monarkia atxikitzea, eta Espainiaren batasun zatiezina, hots, autodeterminazio-eskubiderik eza, eta hauteskundeetan parte hartzeko baimenaren truke, Amnistia legea eta frankismoaren ahanztura ezarri ziren".

Horren haritik, Sudupek adierazi du 1936ko altxamendu frankistaren aurka borrokatu eta biktima izan zirenen "memoria errebindikatu beharra" dagoela. "Zenbat film egin diren eta egiten diren nazien erregimena salatzeko, eta zein gutxi matxinada faxista izan zen bezala azaltzeko!". Bide horretan "aletxo bat" jarri nahi du Sudupek argitaratu duen liburuarekin.

Hain justu, idazle azkoitiarrak errepresio motak desberdinak jarri ditu erdigunean, baita errepresioak justifikatzeko diskurtsoak zein izan ziren ere. Era berean, frontetik kanpo eraildako pertsonei eta haien ahaideei gorazarre egin nahi izan die Sudupek, eta hilketen aurka agertu ziren zenbait errepublikazale ere eman ditu ezagutzera. Halaber, azkoitiarrak nabarmendu du liburuan duela hamarkada batzuetako kontuak jaso dituela, baina horiek lotura dutela gaurkotasunarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide