Esku hutsik itzuli da Domusa Teknik ISB Vigotik

Andoni Elduaien 2023ko mar. 29a, 12:48
Galiziarrak eta ISBko jokalariak, lehian. (Marta G. Brea)

68 eta 59 galdu zuen Domusa Teknik ISBk atzo, asteartea, Vigon (Galizia). Denboraldia amaitzeko bi partidaren faltan, jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzen du Joseba Lizarralderen taldeak. Mailari eusteko borroka egin beharko du falta diren bi norgehiagoketan.

Domusa Teknik ISBk LF Challenge ligan 22. jardunaldian atzeratutako partida jokatu zuen atzo. Celta Zorka Reclavi taldearen Vigoko (Galizia) Navia pabilioian aritu ziren Joseba Lizarralderenak, eta ISBk 68 eta 59 galdu zuen. 11 puntu atzetik iritsi zen taldea atsedenaldira, baina hirugarren laurdenean irauli egin zuen lehia. Azken laurdenean egin zion ihes garaipenak taldeari, ordea, eta bide batez, ezinbestekoa zuten punturik gabe gelditu ziren.

Etxeko taldeak tentsio handia erakutsi zuen hasieratik. Galiziarrak ondo aritu ziren defentsako lanean, baina arazoak izan zituen aurkariaren uztaiaren aurrean, Domusa Teknik ISBk bezalaxe. Alde txikiarekin bada ere, lehen laurdenean beti atzetik joan ziren Lizarralderenak markagailuan. Vigoko taldea finago aritu zen erasoan lehen laurdeneko azken txanpan, eta bost puntuko abantailarekin ziren jokoaren lehen hamar minutuak jokatuta (11-6).

Bigarren laurdenaren hasieran galiziarrek lortutako sei eta hutseko partzialak hautsi zuen partida. Etxekoek ondo jarraitu zuten defentsako lanean, eta ISBk hiruko lerrotik jokatu behar izan zuen ezinbestean. Egoera horrek mesede egiten zion etxeko taldeari, eta pixkanaka markagailuan aldea zabaltzen hasi ziren. Dena den, ISBk Intza Lizarazu jokalari azkoitiarraren eskuetan aurkitu zuen giltza; hiru hiruko saskiratze lortu zituen hark jarraian. Aldea handia izanagatik, Lizarazuren puntuek errenta 11 puntura jaisteko balio izan zuten.

Etxekoek partida nahi zuten lekuan zuten, baina ISBk artean ez zuen azken hitza emana. Azkoiti-Azpeitiko taldeak uztaipetik urrun asmatu zuen, eta aldea asko murriztuta, partidan sartu zen bete-betean; azken laurdenaren hasieran hiru puntu atzetik besterik ez zeuden. Hiruko lerrotik asmatuta, gainera, hiru minuturen buruan markagailua irauli zuten Lizarralderenek. Hala eta guztiz ere, etxekoek erreakzionatu egin zuten amaieran, eta ISB esku hutsik laga zuten.

Lizarralde entrenatzaileak bere taldearentzako "errespetua" eskatu zuen neurketaren amaieran. "Partida garrantzitsua genuen, baina gaur ere azken minutuan galdu dugu. Esfortzu handia egin dute neskek, baina saririk gabe gelditu dira. Herriko talde txiki bat gara, eta errespetatuak izatea nahi dugu. Gaur, bi txistularik ez gaituzte errespetatu", adierazi zuen sare sozialetan.

Lizarazurekin batera, Juana Maria Molina izan zen atzo ISBko jokalari onena. Joko antolatzaileak hamasei puntu saskiratu zituen, eta beste horrenbeste puntu batu zituen balorazio estatistiketan. Larunbatean jokatuko du denboraldiko etxeko azken partida Baxi Ferrol liderraren aurka. Azkoitiko Elkarguneko kantxan arituko da Lizarraldek zuzentzen duen taldea, 17:00etan hasita. Denboraldia Sernova Renovav

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide