Inga Segurola: "Ikasi egiten da dislexiarekin bizitzen, hari iskin egiten"

Andoni Elduaien 2023ko mar. 29a, 10:00
Inga Segurola da Dislegiren Debabarreneko delegazioko presidentea. (Andoni Elduaien)

Dislegi elkartearen Debabarrena delegazioko presidentea da Inga Segurola (Azpeitia, 1980), eta dislexiaz arituko da gaur Azkoitiko Elkargunean (19:00). Dislexiaren aurrean zer egin azalduko du.

Dislexiaz arituko zara Elkargunean. Zertan sakonduko duzu?

Dislexia zer den azalduko dut, baita haren aurrean zer egin behar den eta nola landu behar den ere. Sor daitezkeen erronken inguruan ere arituko naiz. Formakuntzaren berebiziko garrantziaz jardungo dut, horrek bermatzen baitu dislexia duten ikasle guztiek hezkuntza eraginkorra jasotzea. Formakuntzak soilik ziurtatzen du dislexia izateagatik zigortuak ez izatea.

Nola definitzen duzue dislexia?

Hizkuntza prozesatzeko garunak daukan zailtasuna da dislexia, eta idazteko zein irakurtzeko gaitasunari eragiten dio. Etimologikoki, hizkuntzaren zailtasuna esan nahi du. Gaur egun, irakurtzerakoan ager daitekeen arazotzat hartzen da, baina ez dauka inolako erlaziorik arrazoi intelektualekin, kulturalekin edota emozionalekin. Dislexia ez zaio interes edo motibazio faltari lotu behar, ezta adimen urritasunari ere. Dislexiak ikasketa prozesuari eragiten dio, baina ez da gaixotasun bat.

"Laguntzarekin asko hobetu daiteke dislexia, baina inoiz ez da zuzentzen"

Nola jokatu behar da dislexia kasu baten aurrean?

Detekzioa eta diagnostikoa dira bideak. Dislexiaz jabetzen aurrena irakasleak izan beharko luke; izan ere, 5 edo 6 urterekin atzeman daiteke. Ikasleak eta irakasleak ordu asko igarotzen dituzte elkarrekin, eta irakasleak jakin ohi du ondoen haur bakoitzak zer zailtasun dituen. Ikastetxeek testak dituzte umeei probak egiteko. Diagnostiko zehatza egiteko balio ez badute ere, dislexia izateko arriskuez ohartarazteko baliagarriak dira. Eskolaren papera oso garrantzitsua da dislexia hautematerakoan.

Zaila al da pertsona batek dislexia duela hautematea?

Zaila ez da. Ezinbestekoa da seinaleak hautematen jakitea. Ikastetxeen eta familien arteko erlazioa lehentasunezkoa bada ere, bide bakarra irakasleen formakuntza da. Hori lantzen ari gara, ikastetxe guztiei irakasleentzako formakuntza eskaintzea baita gure nahia.

Pertsona bati dislexia ez bazaio hautematen, zer ondorio izan ditzake horrek?

Eskola porrota da ondorio larriena, eta emozioaren zein fisikoaren larritasunean ere eragin dezake. Era berean, ohikoak dira nahasmena, frustrazioak sortutako haserrea, ezezkotasuna, antsietatea, etsipena eta depresioa.

"Dislexiak ikasketa prozesuari eragiten dio, baina ez da gaixotasun bat"

Eta tratatu, nola trata daiteke dislexia kasu bat?

Landu egin daiteke. Esaterako, dislexia asko hobetzen da eskolaren, familiaren eta logopeda baten laguntzarekin, baina inoiz ez da zuzentzen; ikasi egiten da dislexiarekin bizitzen, hari iskin egiten. Dislexiadun pertsonek trikimailuak ikasten dituzte, eta horrela moldatzen dira ikasketa prozesuan. Lanketa zehatz batzuk eginez, ondo irakurtzen, kontzeptuak barneratzen eta idazten ikasten dute pertsona horiek. Haurtzaroan umearen burmuinak gaitasun handia du gauza berriak ikasteko. Burmuinaren malgutasuna, ordea, gutxitzen hasten da 10 urtetik aurrera. Horregatik, garrantzitsua da dislexiaz ahalik eta azkarren jabetzea; zenbat eta lehenago hasi lanketa horrekin, lehenago ikasiko du irakurtzen. Oso garrantzitsua da eskoletan dislexia zer den jakitea eta haren ezaugarriak ezagutzea. Oinarrizkoa da eskolaren papera.

Zenbat jenderi eragiten dio dislexiak munduan?

Azken ikerketen arabera, mundu osoko populazioaren %10 ingururi eragiten dio dislexiak.

Iaz eratu zenuten Debabarreneko delegazioa. Zer arrazoik bultzatuta hasi zineten lanean?

Dislexia duen alaba bat dut. Bidean sortutako beharrek bultzatuta, gure egoera berean zeuden beste guraso batzuekin jarri nintzen harremanetan. Esperientziak partekatzen hasi ginen, eta horrek eraman gintuen Debabarreneko delegazioa sortzera, iaz. Dislegi elkartearen egoitza nagusia Donostian dago, eta hango ordezkariekin bildu ginen aurrena, gure beharrak zein ziren azaltzeko. Proiektua interesgarria iruditu zitzaigunez, aukera polita ikusi genuen Debabarrenean taldea osatzeko. Orain, gure helburuak dira dislexia duten pertsonei laguntzea nahiz haien familiak heztea, ikastetxeekin elkarlanean jardutea, eta azken batean, dislexia ezagutaraztea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide