Behin-behinekotasunaren aurka mobilizatu dira Sidenor enpresako Azkoitiko langileak

Ane Olaizola 2023ko mar. 28a, 14:53
Azkoitiko Sidenorreko hainbat langile, joan zen ostiraleko elkarretaratzean. (ELA)

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, 340 langileetatik 52 ebentualak dira Azkoitiko lantegian, eta "askok" sei urte daramatzate lan kontratu horrekin. Enpresari eskatu diote erantzuna eman dezala. 

Sidenorren Azkoitiko lantegiko beharginek elkarretaratzea egin zuten joan zen ostiralean, tailerraren aurrean, enpresan behin-behinekotasunarekin duten "arazoa" konpon dadin eskatuz. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, 340 langileetatik 52 ebentualak dira lantegi horretan, eta horietatik "askok" sei urte daramatzate behin-behinekotasunean.

Sindikatuaren arabera, Azkoitiko langileek "urteak" daramatzate gai hori "mahai-gainean" dutela, baina salatu dute enpresak ez diela "erantzunik" ematen. "Enpresa Batzordea hilabete askotan ari da enpresari konponbidea eskatzen, baina haren erantzun eza nabarmena da". Horren aurrean, mobilizaziora jo zuten langileek joan zen ostiralean, enpresan sei urtez lanean ari diren beharginek kontratu mota hori edukitzea "bidegabea" dela baiteritzote: "Lan baldintza penagarriak eta bizi proiektu bat eraikitzeko ziurgabetasuna sortzen du egoera horrek".

Azkoitiko tailerreko "lan baldintza prekarioak" amai ditzaten, "bidean gogor" jarraituko dutela azpimarratu dute langileek. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide