Azkoitiarren doinuak

Gema Lopez Las Herasen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 12:00
Gema Lopez Las Heras idazlea. (Arnaitz Rubio)

Gema Lopez Las Heras itzultzailea da, eta bera da Azkoitiarren doinuak serieko 24. protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Erantziz jantzi (Napoka Iria): "Izugarri gustatzen zait Miren Narbaiza: haren ahotsa, indarra, transmititzeko gaitasuna... Euskal Herriko artistarik onenetakoa da, nire ustez. Napoka Iriari kariño handia diot (ze pena utzi izana!), eta Arnasten ikasteko berriz diskoa zoragarria iruditzen zait: zenbat buelta eman ote dizkiodan... Kantu hau diskoko altxorretako bat da, entzuten dudan bakoitzean hunkitzen nauena.

  • Mugak (Arima): "Pandemia garaian ezagutu nuen Arima taldea, eta askotan entzun nuen konfinamenduan eta konfinamendu ostean. Haien abestiek badaukate holako aura ilun bat; niretzat, bat egiten dute orduan bizi izandako emozioekin eta sentipenekin".

  • Zu atrapatu arte (Verde Prato): "Verde Prato izan da euskal musika eszenako azkenaldiko nire deskubrimendurik gustukoenetakoa. Sinpletasunetik, pretentsio handirik gabe, gauza zoragarriak egiten ditu. 2021eko Kondaira eder hura lehen diskoak hasieratik harrapatu ninduen. Baditu bertsio kurioso batzuk ere, tartean Kortaturen abesti mitiko honena".

  • Piromania (Anari): "Anariren abestietako asko jar nitzake hemen, baina honek badu istorio bitxi bat oinarrian: duela urte batzuk, Galiziako andre batek etxe ondoko basoari su eman zion han-hemenka kandela aromatikoak piztuta, zerekin eta 'Amo Galicia' jartzen zuen metxero batekin. Abestia entzuten dudan bakoitzean, andre harekin (eta egoera paradoxiko harekin) akordatzen naiz.

  • Ezekielen prophezia (Itoiz): "Klasikoen artean, Itoiz oso kuttuna dut. Nire ustez, Ezekiel da Itoizen diskorik onena, Alkolea-rekin batera, eta hauxe da haien kantu onenetako bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide