Ion Brakamontek 'Amapatxa. Amets bat, bide bat' liburua aurkeztuko du Matadeixen

Ane Olaizola 2023ko mar. 28a, 09:15
Ion Brakamonte. (Juan Luis Romatet)

Bi urte eta erdiz Amerika hegoaldetik iparraldera egin zuen zeharkaldian jasotako bizipenak oinarri, Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua kaleratu zuen Ion Brakamonte zumaiarrak iaz, eta lana aurkeztuko du etzi Matadeixen.

Ion Brakamonte zumaiarra Matadeixen izango da etzi, osteguna, iaz argitaratu zuen Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua aurkezten. 19:00etan hasiko da hitzaldia.

Bi urte eta erdiz Amerikan bidaiatu zuen Brakamontek; hain zuzen, Patagoniatik (Argentina) Chicagora (AEB) arteko bidaia egin zuen zumaiarrak, motxila soinean hartuta, eta egonaldi horretan izandako bizipenak jaso ditu idazleak Amapatxa. Amets bat, bide bat liburuan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mezenasgo sistema bat baliatuta argitaratu du hark liburua, eta argitalpenaren harira honako elkarrizketa hau egin zion UKTk zumaiarrari iaz:

Bi urte eta erdiz bidaiatu duzu, Argentinatik hasi eta Amerika behetik gora zeharkatuta. Esku artean duzun proiektua bidaia horren hurrengo pausoa da?

Bidaiarekin bat datorrela uste dut. Bidaian eguneroko bat idazten nuen; berez ez neukan horretarako asmorik, baina lagun batzuek oparitu zidaten egunerokoa, eta idazten hasi ahala, gustatu egin zitzaidan. Bi urte eta erdian badago zer kontatua, eta pentsa, azkenean, bost koadernotxo idatzi nituen. Hango esperientzia asko bildu nituen, eta gero, pentsatu nuen horiek liburuan jasotzea bazegoela, eta lan hori argitaratzea. Euskarazko bidaia liburu askorik ez dago, gainera.  

Bidaia intimo eta pertsonala ere izango zen. Jaso dituzu bidaian bizitako ideiak, filosofia, eta halakoak? Edo ikusi eta bizitakoa eta informazio praktikoa da nagusiki?

Momentu pertsonalak ere baditu. Uste dut liburu honetan dezente edo erabat biluztu naizela. Nire momentuko bizipenak, efemerideak, nire bizitzako pasarte batzuk, bidaian nola sentitu naizen... Bidaia hau hasi nuen bikotekidearekin, baina ametsa nirea zen, eta ematen du lortu nuela bakarrik egitea, sei hilabetera neskak beste bide bat hartu zuelako. Egia esan, oso aberasgarria izan da bakarrik bidaiatzea, nork bere burua gehiago ezagutzeko balio duelako, baita norbere mugak ere. Bidaia espirituala bihurtu zen.

Mikromezenasgo proiektua abiatu duzu, baina liburua jada idatzita daukazu, ala horrek emaitza ematen badu hasiko zara liburuari forma ematen?

Liburua, %80-%90ean amaituta dagoela esango nuke. Izan ere, bidaian bertan, aurrena eskuz idazten nuen eta gero, boluntario lanetan aritzen nintzenean, ordenagailura pasatu eta Drive-ra igotzen nuen. Beraz, lehendik bazeukan forma pixka bat. Euskal Herrira itzuli nintzenean, forma gehiago eman nion liburuari, idazkera txukundu nuen, eta nolabait esatearren, osatu egin nuen. Honezkero laugarren buelta ematen ariko natzaio, dena finduz. Oso zaila egiten ari zait amaiera ematea. Disko bat grabatzean bezala da: abestiari mila buelta eman diezazkiokezu, eta hala ere, konpositore gisa, inoiz ez zara gustura geldituko. Liburuarekin, gauza bera.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, hemen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide