Eduki babestua

'Oxford Test of English' azterketa heldu da Kids&Us Azpeitiara

Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 16:48

Oxfordeko Unibertsitate ospetsuak azterketa ofizialak egiteko baimena eman dio Kids&Us Azpeitiari. Urola Kostan horretarako baimena lortzen duen lehen zentroa da.

Oxford Test of English azterketa ofiziala egiteko baimena eskuratu du Kids&Us Azpeitiak. Onarpen hori lortu ahal izateko, Oxfordeko Unibertsitateak baldintza batzuk betetzea eskatzen die azterketa zentroei. Ezarritako auditoria prozesua gauzatu eta Oxfordeko Unibertsitateko ordezkarien bisita jaso ondoren, Kids&Us Azpeitiak fase guztiak gainditu ditu.

Oxford Test of English nazioarteko unibertsitateetan eta erakundeetan aintzatetsia da eta Oxfordeko Unibertsitateak ziurtatuta dago; mundu osoko azterketa garrantzitsuenetako bat da. Maila askotako azterketa bakarra da; Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, A2, B1 eta B2 mailak egiaztatzen ditu, eta %100 online egin daiteke.

Halaber, bi ordu irauten duen azterketak lau zati ditu; hainbat formatutako ariketak izan ohi ditu, ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazpena ebaluatzeko. Irakurmen eta entzumen probak egokitu egiten dira, eta horrek esan nahi du sistemak zailtasun handiagoko edo txikiagoko galderak hautatzen dituela, ikasleak horiek erantzuten aurrera egin ahala. Idatzizko eta ahozko adierazpenak, ordea, eskuz zuzentzen dituzte Oxfordeko irakasleek, gardentasuna, anonimotasuna eta fidagarritasuna une oro ziurtatzen dituen prozesu baten bidez.

Azterketaren ikuspegi bakar horri esker, zehatz-mehatz egiazta daiteke erabiltzailearen ingeles maila. Ez dago azterketa bat maila bakoitzerako, baizik eta hautagaiari egokitzen zaion azterketa bakarra. Zera esan ohi dute Oxfordeko Unibertsitatean: "Guk ez dugu azterketa gainditzea edo ez gainditzea erabakitzen, guk ikasleak duen maila ziurtatzen dugu". Bereziki erakargarria da azterketa emaitzen azkartasunagatik; izan ere, azterketa egindako unetik hamalau egunera iristen dira emaitzak, eta ez dira iraungitzen.

Oxford Test of English entzutetsua egiteko baimenari esker, Kids&Us Azpeitia aitzindari bihurtu da Urola Kostan ziurtagiri hori eskaintzen. Ingelesaren ezagutza ziurtagiri ofizial batekin egiaztatu nahi duten edo behar duten ikasleek Kids&Us Azpeitia hizkuntza eskolan egin ahal izango dute aurrerantzean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide