Larunbatean jokatuko dituzte 48. Atano III.a Buruz Buruko Pilota Txapelketaren finalak

Ane Olaizola 2023ko mar. 22a, 16:42

Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte azken norgehiagokak, 10:00etan hasita. Mailaz maila banatuta, guztira sei partida izango dira.

Oteiza pilota elkarteak antolatu duen 48. Atano III.a Buruz Buruko Pilota Txapelketa iritsi da hondarrera, eta datorren zapatuan, hilaren 25ean jokatuko dituzte finalak Gurea pilotalekuan. Joan zen urtarrilaz geroztik, astero aritu dira lehian aurre benjaminak, benjaminak, kimuak eta infantilak, eta finalera sailkatu direnek larunbatean 10:00etan jokatuko dituzte azken norgehiagokak.

Ohi bezala, mailaz maila banatuta jokatuko dituzte finalak. Aurre benjaminetan (2015ean jaiotakoak), Julen Oteiza eta Haize Aramendi lehiatuko dira; benjaminei dagokienez (2014an jaiotakoak), Eneko Martija eta Lur Juaristi izango dira buruz buru; benjamin II kategorian (2013an jaiotakoak), Oihan Mendizabal Ian Juaristen aurka arituko da; alebin I mailan (2012an jaiotakoak), Ekain Juaristiren eta Julen Azpiazuren arteko partida izango da; alebin II mailan (2011n jaiotakoak), berriz, Ibai Etxeberriarena eta Unax Oteizarena; eta infantilen mailan (2010an jaiotakoak), Erik Ariztegik eta Pello Alkortak neurtuko dituzte indarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide