'Esaizu euskaraz!' hiztegia aurkeztu die udalak Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroko ikasleei

Ane Olaizola 2023ko mar. 22a, 09:30
Udal ordezkariak eta Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroko ikasleak. (Azkoitiko Udala)

Udalak udan kaleratu zuen hiztegia, eta orain "zabalkundea ematea" du helburu, euskaraz ez dakien edonorentzat "lagungarri" delakoan. Besteak beste, agurtzeko moduak, oinarrizko kontzeptu batzuk, asteko egunak, zenbakiak eta orduak, koloreak edota eguraldiari lotutako esamoldeak jasotzen ditu argitalpenak.

Esaizu euskaraz! hiztegitxoa aurkeztu du Marijose Arregi Euskara zinegotziak Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan. Udalak iazko udan kaleratu zuen adineko pertsonen zaintzaile erdaldunentzako pentsatutako hiztegia, eta erakundeak orain "zabalkundea ematea" du helburu. Hain zuzen, udalaren esanetan, euskaraz ez dakien edonorentzat izan daiteke "lagungarria" argitalpena, eta horregatik aurkeztu berri dute hura Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan. 

Euskaraz ez dakienarentzat "baliabide egokia" eta euskarara hurbiltzeko "tresna aproposa" da hiztegia, udalaren esanetan. "Izan ere, poltsikoko hiztegia da, erabilerraza, eta azkoitiarrez jasotzen ditu hitz eta esamolde erabilienak". Besteak beste, agurtzeko moduak, oinarrizko kontzeptu batzuk, asteko egunak, zenbakiak eta orduak, koloreak edota eguraldiari lotutako esamoldeak jasotzen ditu argitalpenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide