Hasi dituzte Sistiaga Erreka eta Kukuherri arteko errepidea konpontzeko lanak

Julene Frantzesena 2023ko mar. 21a, 13:35
Errepidea konpontzeko obrak hasi dituzte.

2021eko abenduan izan zen luizia tarteko, errepidea hondoratu zen eremu horretan, eta orain, hondoratutako magala egonkortzeko eta errepidea konpontzeko obrak dituzte. Gauzak ondo bidean, lanok lau hilabetean bukatzea aurreikusten dute.

Luizi bat tarteko, 2021eko abenduaz geroztik itxita dago Sistiaga Erreka eta Kukuherri arteko errepidea, eta Azpeitiko Udala egunotan hasi da hondoratu zen errepide zatia konpontzeko lanekin. Zehazki, hondoratutako magala egonkortzeko eta errepidea konpontzeko obrak hasi dituzte eremu horretan.

Konpontze lanen proiektua iaz egin zuen udalak, eta ondoren gauzatu zuen lehiaketa publikoa. Dena den, maldaren egoera ezegonkorrak azterketa sakonak egin eta alternatiba desberdinak aztertu beharra ekarri duela zehaztu du erakundeak. Hala adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Maldaren egoera ezegonkorrak egoera konplikatua eragin zuen. Horregatik, errepidea itxi eta azterketa sakonak egin behar izan dira".

Ondo bidean, obrak lau hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute, eta Altuna Uria enpresak egingo ditu horiek. Lanok 344.004 euroko aurrekontua izango dute.

Baserri bideen konponketa

Bestalde, Azpeitiko Udalak adierazi duenez, landa eremuko baserri bideak konpontzeko diru partida bat sortu du aurten ere. Hain zuzen ere, 120.000 euro bideratuko ditu erakundeak bideak konpontzera. Halaber, beste 60.000 euro erabiliko ditu bideak garbitzeko eta 4.000 euro seinaleztapena eta postontziak jartzeko, konpontzeko eta berritzeko. Udalaren esanetan, baserri bideak konponduta landa eremuko bizilagunen "segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea" da xedea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide