Oier Elorzak irabazi du Arriarango mendi lasterketa

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 19a, 18:42
Oier Elorza podiumeko lehen koskan, txapela buruan duela. (Goierriko Hitza)

23 kilometroko proba luzean parte hartu du azkoitiarrak, eta ordutebete, 50 minutu eta 54 segundoko denbora eginda, aurrena helmugaratu da; lau segundo gehiago behar izan ditu bigarrenak. Lasterketa "gogorra" egin zaiola aitortu du Elorzak, bera karrera motzagoetara ohituta dagoelako. Sufritu egin behar izan duela esan du, baina gustura dagoela emaitzarekin, eta baita iazko denbora hobetu izanarekin ere.

Atzo arratsaldean Xabier Mendizabalen oroimenezko 10. mendi lasterketa jokatu zuten Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran auzoan, eta 23 kilometroko proba luzean, Oier Elorza azkoitiarra izan zen nagusi. Lasterketaren ostean aitortu zuen "gogorra" egin zitzaiola: "Ni karrera makalagoetara ohituta nago. Asko sufritu dut, baina gustura. Iaz baino denbora hobea egin dut eta horrekin geratuko naiz".

Antolatzaileen aurreikuspenak beteta, guztira 221 korrikalarik hartu zuten parte Xabier Mendizabalen oroimenezko 10. mendi lasterketan. Bi proba lehiatu zituzten: bata, luzea, 23 kilometro eta 1.300 metroko desnibel metatuarekin; eta bestea, motza, 11 kilometro eta 550 metroko desnibelarekin. Azkoitiarrak ordubete, 50 minutu eta 54 segundo behar izan zituen helmugara iristeko, bigarren egin zuen Carlos Antonio Jimenez araiarrak (Araba) baino lau segundo gutxiago.

7. Goierri Trail kopako laugarren proba izan zen gaurkoa, Garingo, Ordiziako eta Urretxu-Zumarragako UZ Trail mendi lasterketen ondotik, gizonen trail sailkapen orokorrean bigarren postuan dago Elorza, 192 punturekin. Aurretik du Aitor Dionisio zumarragarra (Gipuzkoa), 38 puntu gehiagorekin –230 puntu ditu–, eta atzetik du Jimenez, hamar puntu gutxiagorekin –182 puntu ditu–.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide