Xabier Munibe Ikastolaren 50. urtemuga girotzen hasi dira

Nerea Uranga 2023ko mar. 19a, 08:00
Xabier Munibe Ikastolakoen kontzertu akustikoa atzo, Baztartxon. (Argazkia: Nerea Uranga)

Ikastolak hasi ditu bost hamarkadaren ospakizun ekitaldiak. Argazki erakusketa irekitzeaz gainera, kontzertu akustikoa egin dute.

Azkoitiko Ikastola Xabier Munibek aste honetan hasi ditu ikastolaren 50. urteurrenari lotutako ekitaldiak. Maiatzaren 13an, larunbatez, egingo dute ekitaldi nagusia herriko plazan, bainan egun horretara bitartean hainbat ekitaldi egiteko asmoa du. Aste honetan bertan argazki erakusketa ireki dute Portaleburu erakusketa aretoan. Horrez gainera, atzo arratsaldean kontzertu akustikoa eskaini zuten ikastolako kideek Baztartxo aretoan.

Aurrena, pandero ikasleek hainbat pieza jo zituzten Baztartxoko agertokian, eta gero ikastolako komunitateko hainbat kidek beste abesti bat abestu zuten. Segidan, bertsio akustikoan hainbat abesti kantatu zituzten Itxaso Alberdik, Jone Larrañagak, Amaia Matxineak eta Nora Unanuek, Beñat Uzin eta Oier Aldazabal musikariek lagunduta.

Xabier Munibe Ikastolako pandero ikasleak, atzo Baztartxo antzokian. (Argazkia: Nerea Uranga)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide