Mendi eski irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak

Nerea Uranga 2023ko mar. 18a, 08:30

Martxoaren 25 eta 26ko astebururako antolatu dute Pirinioetarako irteera. Izena martxoaren 22rako eman behar da.

Anaitasuna Mendi Bazkunak mendi eski irteera antolatu du martxoaren 25eko eta 26ko astebururako. Aurreneko egunean Panticosako bainuetxetik hasiko dute ibilbidea mendizaleek, eta Pondielloseko lepotik Pondielloseko ibonera igaroko dira, eta handik Infierno (3.082 m.) mendia igoko dute, eta Saretaseko lepotik Bachimañako aterpetxera jaitsiko dira. Guztira, 1.600 metroko desnibela eta 10 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute. 

Bigarren egunerako aurreikusitako ibilbidea, berriz, Bachimañako aterpetxetik hasiko dute, eta Diente de Batanes (2.912 m.) mendia igotzeko asmoa dute, handik gero Panticosako bainuetxera itzultzeko. Kasu honetan, 800 metroko desnibela eta 9 kilometroko ibilbidea egingo dute.
 
Azkenengo elurrak aprobetxatzeko, "ibilbide ederrak" direla nabarmendu dute Azkoitiko mendizaleek.
 
Mendi eski irteeran izena emateko aukera martxoaren 22ra artekoa izango da, eta izena Lopetegi iturgintzan eman beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide