Martxan dira Floreagako bigarren igogailua eraikitzeko lanak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 16a, 12:47
Igogailua eraikitzeko gunea egokitzen ari dira langileak. (Udala)

Udalak egindako aurreikuspenen arabera, bost hilabeteko epean amaituko dituzte Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak. Lanek 994.235 euroko aurrekontua dute, eta  Egurki Eraikuntzak S.L. enpresak gauzatuko ditu. 

Abian dira Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak. Aste honetan bertan ekin diete bigarren igogailua eraikitzeko lanei. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "bost hilabeteko epean, auzokideek bigarren igogailu bat erabili ahal izango dute". Lan horiek eginda, 16,5 metroko desnibela gaindituko da.

"Auzokideekin hartutako konpromisoa bete dugu", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak. "Agindu genien legealdi honetan lehen bi faseak gauzatuko zirela, eta lortu dugu emandako hitza betetzea. Aurrera begira ere, ahalegin guztiak egingo ditugu fase guztiak lehenbailehen aurrera ateratzeko". Bigarren faseko lanen aurrekontua 994.235 eurokoa da, eta  Egurki Eraikuntzak S.L. enpresak gauzatuko ditu lanok.

Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko dute igogailua, eta handik, bi pasabide egingo dituzte: bata, Zuazola plazara, eta bestea, Floreaga Berri plazara. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara izango du irteera, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara.

Udarako, beraz, proiektuko bost fasetatik bi amaituta izatea aurreikusten du udalak. Proiektu globalari jarraipena emateko moduari dagokionez, erakundeak azaldu du auzo horretako bizilagunekin "laugarren faseari lehentasuna emateko konpromisoa" hartu zuela udalak. "Hirugarren faseak Zuazolan eskailerak arrapalengatik ordezkatzea aurreikusten du, eta laugarrenak, Floreagaberrin hirugarren igogailua jartzea dakar", azaldu du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide