Marea Urdinak Urdinduz egitasmoaren banderak banatuko ditu bihar, plazan

Andoni Elduaien 2023ko mar. 16a, 15:30
Irudikoa bezalako banderak banatuko dituzte bihar. (Marea Urdina)

18:00etatik aurrera herriko plazan jarriko dute mahaia Marea Urdinako kideek. Apirilaren 2an ospatuko dute Autismoaren Nazioarteko Eguna, Urdinduz egitasmoarekin.

Bihar, ostirala, Marea Urdinak Urdinduz egitasmoaren banderak banatuko ditu Azkoitian. Hain justu, herriko plazan, Kontzejupean, egingo dute bandera banaketa. 18:00etatik aurrera egongo dira Marea Urdina elkarteko kideak banderak banatzen.

Apirilaren 2an Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta egun horretarako antolatu dituzte Urdinduz egitasmoaren ekintzak ere. Hori horrela, Urdinduz eguna girotzeko bandera urdinak etxeko eta herriko eraikinetako balkoietan zintzilikatzeko deia egin die herritarrei Marea Urdinak.

Urdinduz egitasmoa urtero antolatzen duten ekimen bat da, eta haren helburua da gizartea autismoaren inguruan kontzientziatzea eta nahasmendu hori duten pertsonek aurre egin beharreko hesiak zein diren ezagutaraztea.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide