50. urteurrena girotzeko ekintzak hasi ditu Xabier Munibe Ikastolak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 16a, 09:06
Ikastola Artxamendin egon zen urte bateko irudia. (Artxiboa)

Aste honetan hasi dituzte urteurrena girotzeko ekintzak. Besteak beste, argazki erakusketa zabaldu dute, eta gaur hasi dute zozketa. Zapatuan, berriz, kontzertua izango da Baztartxo antzokian, eta sarrera doakoa izango da.

Azkoitiko Ikastola Xabier Munibek hasi ditu ikastolaren 50. urteurrenari lotutako ekitaldiak. Maiatzaren 13an, larunbatez, egingo du ekitaldi nagusia herriko plazan, baina ordura bitartean hainbat ekitaldi egingo ditu. Aste honetan bertan hasi dituzte urteurrena girotzeko ekintzak argazki erakusketarekin, zozketarekin eta kontzertuekin.

Asteartean ireki zuen ikastolak bere 50 urteko ibilbidea erakusten duen argazki erakusketa. Herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai irudi horiek. Guztira, mila argazki inguru daude ikusgai han, baita bestelako liburuak nahiz lanak ere. "50 urte hauetako zati txiki bat ikusteko aukera izango da bertan", adierazi dute ikastolako kideek.

Erakusketa egunero zabalduko dute hilaren 26ra bitartean. Astelehenetik ostiralera, 18:00etik 20:00etara zabalduko dute aretoa, eta asteburuetan, goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.

Bestalde, askotariko produktuz osatutako bost sorta zozkatuko ditu ikastolak. Hain justu, gaur, osteguna, abiatuko dute zozketa, eta ikastolako arduradunek adierazi dutenez, "Xabier Muniberen parte diren edo izan diren norbanakoek emandako produktuekin" osatu dituzte sortak. Zozketarako txartelak euro batean salduko dituzte, besteak beste, Portaleburu erakustokian, larunbateko kontzertuan eta ikastolako idazkaritzan. Zozkatuko dituzten produktuak zein diren ikusteko, bideo bat ere prestatu du ikastolak.

Zapatuan, kontzertua

Larunbaterako, berriz, kontzertu akustikoa antolatu du ikastolak Baztartxo antzokian (18:30). Sarrera doakoa izango da aretoaren edukiera bete bitartean. Hainbat artistak parte hartuko dute zapatuko emanaldian. Batetik, pandero ikasleak igoko dira Baztartxoko oholtzara. Bestalde, Xabier Munibeko komunitateko kideek Habanera abestia kantatuko dute.

Kontzertuan, bestelako abestiak entzuteko aukera ere izango da, ordea. Itxaso Alberdi, Jone Larrañaga, Amaia Matxinea eta Nora Unanue abeslariek hamabi kanta abestuko dituzte bertsio akustikoan. Beñat Uzin eta Oier Aldazabal musikarien laguntza izango dute perkusioan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide