Euskarazko sormena sustatzeko

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 15a, 16:30
Doinuele sarearen aurkezpena egin zuten atzo, Bilbon. Erdian, Literaturiako kide Itziar Iruretagoiena, eta Gure Gelatik ekimeneko ordezkari Julen Garate, eskuinetik bigarrena. (Dani Blanco / Argia)

Zortzi kultur ekimenek Doinuele euskara hutsezko plazen sarea aurkeztu dute. Horien artean daude Azkoitiko Geure Gelatik eta Zarauzko Literaturia. Datorren ostiralean eta larunbatean hartuko du Geure Gelatik liburu azokak Elkargunea.

Doinuele euskara hutsezko plazen sarea aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Bira espazioan. Urtero hainbat kultur ekimen nahiz jaialdi antolatzen dira Euskal Herriko hainbat herritan, euskara hutsezko liburuak nahiz diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko. Hain justu ere, ekimen horien arteko "sarea josten" hasteko unea iritsi dela erabaki dute, "elkar sostengatzeko, elkarren berri izateko, ideiak eta esperientziak elkar trukatzeko eta egutegia adosteko". Hastapen honetan zortzi kultur ekimen elkartu dira, eta horien artean daude Azkoitiko Geure Gelatik eta Zarauzko Literaturia.

Gainerako seiak, berriz, ondorengoak dira: Galdakaoko Sormene, Ziburuko, Hernaniko eta Lazkaoko liburu eta disko azokak, Sarako Ikusi Mikusi eta Baztango (H)ilbeltza. Edonola ere, multzoa ere dela hertsia nabarmendu dute, eta ateak irekita daudela sare honetan parte hartu nahi duten gainerako ekimenentzat. Doinuele sareko kide diren zortzi ekimenetako ordezkariez gain, Idazleen Elkarteko, Editoreen Elkarteko eta Itzultzaileen Elkarteko arduradunek ere hartu zuten parte agerraldian.

"Gure txikian bagara nor"

Asko dira zehaztu dituzten helburuak: euskara hutsezko publikoa indartzea, euskaraz bizi den sarea zabaltzea, azokak errentagarri egitea, kultur sortzaileak sostengatzea; euskal jendea liburu nahiz diskora ekartzea eta liburu nahiz diskoa herritarrei hurbiltzea, eta euskarazko liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna plazan ikusaraztea. "Goxo eta atsegingarri da euskaraz bizitzea: gure txikian bagara nor, hemen gaude eta egon nahi dugu", aldarrikatu dute. Prentsaurrekoan Doinueleren logoa ere aurkeztu dute, euskarazko doinuei eta eleei dagokien garrantzia emanez.

Literaturiako kide Itziar Iruretagoienak azaldu du aurretik bazetorren proposamen bat zela: "Bakoitzak bere aldetik funtzionatzen zuen, eta askotan datak jartzerakoan ez geneukan besteen berri. Orain arte nahiko sakabanatuta funtzionatu izan dugunez, pentsatu zen sare bat osatzea guztion indarrak batzeko". Egitasmoa aurrera ateratzeko bilera batzuk egin dituztela jakitera eman du Iruretagoienak, "beharra" ikusten zutelako.

"Logo bat atera dugu eta kartel orokor bat. Bertan, azoka guztien datak agertuko dira. Gisa horretan, euskal literaturaren eta musikaren jarraitzaileek urte osoko zirkuitu bat izango dute eskura. Euskal Herrian barna antolatzen ditugun euskara hutsezko ekimen hauek isolatuta geratu beharrean, urteko ibilbide bat osatu dugu elkarrekin". Azken finean, itzaletik ikusgarritasunera ekarri nahi dituzte.

Maxixatzen elkarteak antolatzen du Geure Gelatik emakume idazleen liburu azoka, eta elkarteak bat egin du egitasmo honekin, "sare baten parte izatea beti delako ona", elkarteko kide Julen Garatek zehaztu duenez. "Onura bezala, sare honek ekarriko dizkigu elkar ezagutzea, esperientziak trukatzea eta elkarrengandik ikastea". Urte osoko egitaraua izanik, apropos datorrela iritzi dio Garatek, datorren astean ospatuko dutelako Geure Gelatik ekimena.

Beraz, ekimenen arteko harremanak sendotzeko balioko du Doinuelek. "Batak bestearen berri edukitzeko, edo batek zerbait beharko balu, multzoaren sostengua eta laguntza izango luke. Edozer gauzetarako ere ongi etortzen da beti indarrak batzea», dio Iruretagoienak. Dena dela, egitasmoa bere abiapuntuan aurkitzen da, eta printzipioz antolatzaile bakoitzak bere egitaraua atondu du aurten, "modu independentean". 

Gainera, euskara hutsezko kultur ekimenak izanagatik ere, bakoitzak bere izaera du eta ezberdina da bestearekin alderatuta. Literaturako ordezkariaren hitzetan, "batzuk egun batekoak dira, besteak asteburu osokoak gara; batzuk azoka bakarrik dira, eta beste batzuk azokarik ez dute jartzen, baina ekitaldiak antolatzen dituzte... Adibidez, (H)ilbeltzakoekin eta Sormenekin harreman zuzena izan dugu orain arte, eta beste batzuen ibilbidea ezagutzen ditugu, eta bakoitza bere ekimenaz gain, besteen parte izango da. Guk, adibidez, Literaturia aurkezten dugunean, Doinueleren berri ere emango dugu, eta jakina, beste ekimenen eta azoken berri ere bai. Hala, jendeak informazio zabalagoa jasoko du, eta batera joaten denak besteen berri ere izango du".

Azkenean, euskal kultur zaleentzat zein sortzaileentzat plazak edo guneak dira Doinuele sarean barnebiltzen diren egitasmoak: "Euskaraz egindako sorkuntza sustatu nahi dugunak". Sarea ez da itxia, eta ateak irekita dituzte parte hartu nahi luketen beste antolatzaileei. Hori horrela, deia luzatu dute haiekin harremanetan jarri eta Doinuelera elkar daitezen. Aurkezpenean esan dute moduan, "euskara hutsezko plazen sarea gara eta ongi etorriak zarete, bidea elkarrekin eginez euskarazko bidea zabalduz joan gaitezen".

Azkoitian, egitaraua prest

Datorren ostiralean eta larunbatean, hilaren 24an eta 25ean, zabalduko dituzte Geure Gelatik liburu azokaren ateak Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak prest du egitaraua. Dena den, datozen egunetan emango ditu egitasmoaren xehetasunak.

  • Martxoak 24, ostirala:
    • 17:00etan irekiera. Mariasun Landaren ibilbideari aitortza, Arantxa Urretabizkaiak aurkeztuta.
    • 17:30. Mariasun Landaren Annie Ernauxi (2022ko Nobel saritua) buruzko hitzaldia.
    • 18:30. Umeentzako Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa eta collage tailerra, Amaia Egidazurekin.
  • Martxoak 25, larunbata:

    • 10:00. Petare (Emagin/Txalaparta). Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista elkarrizketatuko du.

    • 11:00. Natura Gure Esku (Alberdania) Aiora Zabala Aizpuru. Aurkezlea: Naiara Elortza.

    • 12:00. M ama eme ume (Elkar) Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Aurkezlea: Josune
      Herrarte.

    • 17:00. Mahai ingurua: Gazteentzako literatura, Jasone Osoro eta Alaine Agirrerekin. Bideratzailea: Xabier Mendiguren.

    • 18:00. Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak), Egeriaren liburuaren aurkezpena, Maite Lopez Las Heras itzultzailearekin. Aurkezlea: Julen Garate.

    • 19:00. Emakumeek idatzitako testuen irakurketa, 20 lagunen ahotsetan.

    • 20:00. Azokako partaideentzat (irakurle, idazle, saltzaile...) mokadutxoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide