Zabalik da Pilotari Eguneko txapelketa herrikoietan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2023ko mar. 17a, 08:56
Iazko Pilotari Eguneko irudi bat, Kontzejupean. (Artxiboa)

Tta-kun eta Dean tabernetan eman daiteke izena apirilaren 14ra bitartean. Binakako pilota txapelketa herrikoiez gain, bi koadro eta erdiko buruz buruko txapelketa ere jokatuko dute. "Berrikuntza batzuk" kenduta, egunak eta txapelketak "betiko formatua" izango dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Ekainaren 10ean ospatuko dute aurtengo Pilotari Eguna. Hala jakinarazi du Txulue pilota elkarteak. Ohi bezala, egunaren aurretik pilota txapelketa herrikoiak jokatuko dituzte Kontzejupe pilotalekuan .

Antolatzaileek adierazi dute bai txapelketak eta bai egunak "betiko formatua" edukiko dutela aurten ere. Dena den, "berrikuntza batzuk" ere sartuko dituzte egunean egingo diren ekintzetan, eta horren harira, txapelketa berri bat abiatzea erabaki dute. Emakumeen nahiz gizonen binakako pilota txapelketa herrikoiaz gain, banakako pilota txapelketa ere jokatuko dute aurten. Hain justu, azken lehia hori bi koadro eta erdian jokatuko dute.

Hain justu, gaur, ostirala, ireki dute horretarako izen-emate epea. Apirilaren 14ra arteko epea egongo da pilota txapelketetan izena emateko. Horretarako aukera egongo da Tta-kun eta Dean tabernetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide