Enpresa teknikari lanpostua betetzeko deialdia ireki du Iraurgi Lantzen SAk

Julene Frantzesena 2023ko mar. 15a, 16:16
Intsausti jauregia. (Alex Berasategi)

Lehiaketa oposizio bidez beteko dute lanpostua, eta dagoeneko zehaztu dituzte zeintzuk diren lanposturako betebeharrak. Egunotan egin daitezke eskaerak.

Iraurgi Lantzen SAk enpresa teknikari lanpostua betetzeko deialdia ireki du. Lehiaketa oposizio bidez beteko dute lanpostua, eta dagoeneko zehaztu dituzte zeintzuk diren lanposturako betebeharrak.

Hain zuzen ere, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradua, Enpresa Zientzia/Enpresa Kudeaketa gradua edo antzeko unibertsitate titulazioa izatea edo titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Horrez gain, euskararen hirugarren hizkuntz eskakizuna –EGA edo baliokidea– ere izan beharko dute lanpostura aurkezten diren herritarrek, baita B gidabaimena ere.

Lehiaketa oposiziorako eskabideak beteta, Iraurgi Berritzen SA sozietate publikoaren erregistroan aurkeztu beharko dituzte herritarrek; hau da, Azkoitiko Intsausti jauregian (Julio Urkijo etorbidea 25. zenbakiko 3. solairuan) edo posta bulegoaren bidez. Datozen hogei egunetan egin beharko dira eskabideak, 09:00etatik 13:30era bitartean.

Aldizkari ofizialetako iragarpenak eta eskaera orria Iraurgi Berritzenen webgunean eskura daitezke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide