Afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen taldea omenduko du zapatuan Anaitasunak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 15a, 10:51
1972-73 denboraldiko Anaitasunako zenbait jokalari. (Anaitasuna)

Igandean 50 urte beteko dira Anaitasunak afizionatuen mailako Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuela. Hain justu, futbol klubak omenaldia egingo die talde hartako partaideei larunbateko gizonen partidan. 17:00etan hasiko da lehia, eta Anaitasunak partida hasi baino lehen egingo die aitortza talde hartako partaideei.

Anaitasuna futbol taldeak duela 50 urte afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen taldea omenduko du larunbatean. Egungo gizonen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko Barakaldo liderra jasoko du Txerloian (17:00), eta partida hasi baino lehen egingo die klubak omenaldia talde hartako partaideei. Aurrez, gainera, bazkaria egingo dute.

1972-1973 denboraldia ezin hobea izan zen Anaitasunarentzat. Afizionatuen mailako gizonen taldeak Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen aurrena. 1973ko martxoaren 19an lortu zuen Anaitasunak txapelketa irabaztea. 3 eta 1 nagusitu zen herriko futbol taldea Tolosaren aurka, Michelin zelaian. Pronostiko guztien aurka, neurketaren hogeigarren minuturako bi eta huts aurretik jarri zen Anaitasuna, Larrañagaren eta Sagarzazuren golekin. Atsedenaldiaren ondoren, berriz, Juaristik egin zuen gorritxoen hirugarren gola. Neurketa amaitzeko minutu gutxi falta zirela egin zuen Tolosak neurketako bere gol bakarra.

Anaitasunak Gipuzkoako Txapelketaren titulua berretsi zuen hogei urteren ostean; izan ere, 1953an Atotxa futbol zelaian 3 eta 1 irabazi zuten azkoitiarrek Hernaniren aurka. Uztailean, berriz, Anaitasunak afizionatuen Espainiako Txapelketa irabazi zuen Cacereñoren aurkako lehia iraulita. Caceresen (Espainia) 3 eta 2 galdu zuen Anaitasunak, eta Altzibarren 4 eta 1 irabazi zuten gorritxoek.

Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Barakaldo liderra izango du aurrean, zapatuan. Hain zuzen, partidarik galdu gabe iritsiko dira barakaldarrak Azkoitira, eta neurketa irabaziz gero Bigarren RFEF Mailara igoko dira. Ordea, Barakaldo futbol taldea ez da bakarrik etorriko Txerloira; izan ere, jarraitzaile hori-beltz asko espero da Azkoitian. Dagoeneko sei autobus bete dituzte, baina presentzia handiagoa izatea espero da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide