Gazteriak Pazko Asterako antolatu dituen ekintzetarako izen-ematea, zabalik

Andoni Elduaien 2023ko mar. 7a, 08:47
Gaztetxoek Mendexa abentura parkera joango dira Pazko Astean. (Mendexa abentura parkea)

Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak apirilaren 11tik 14ra bitartean gauzatzeko ekintzak antolatu dituzte haurrentzat eta gaztetxoentzat. Era berean, Elkargunean bestelako tailerrak eta ikastaroak egiteko aukera ere izango da Aste Santuko oporraldian.

Aste Santurako ekintzen eskaintza jakinarazi du Azkoitiko Gazteria Sailak. Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak irteerak egingo dituzte apirilaren 11tik 14ra bitartean. Bien ala bien kasuan, izena eman beharko da aurrez, ekintza horietan parte hartzeko plazak mugatuak baitira.

Abarketatxo ludotekak lau irteera egingo ditu: apirilaren 11n, Azpeitiko Ekoetxera joango dira (HH4 eta HH5 mailetako ikasleak); apirilaren 12an, ibilaldia egingo dute Oriora (LH1etik eta LH3ra arteko ikasleak); apirilaren 13ean, Mendexako (Bizkaia) abentura parkeaz gozatzeko aukera izango dute (LH4tik LH6ra arteko ikasleak); eta apirilaren 14an, taldekako mendi ibilaldi neurtua egingo dute (LH4tik eta LH6ra bitarteko ikasleak).

Ludotekako bazkideentzat izena emateko epea irekita dago gaurtik, eta horretarako Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko da inskripzioa. Ludotekako bazkide ez direnek, berriz, datorren astelehenetik aurrera izango dute izena emateko aukera. Nabarmendu dute pertsonako gehienez hiru izen-emate onartuko dituztela, plazak mugatuak direlako. Ekintza bakoitzak bere prezioa izango du, eta ordainketa izena ematerakoan egin beharko da.

Artxamendi topalekuak, berriz, beste lau ekintza antolatu ditu Pazko Astean: apirilaren 11n, paintballa egingo dute; apirilaren 12an, Iruñeako Salting gunera joango dira; apirilaren 13ean, Mendexa abentura parkea ezagutuko dute; eta apirilaren 14an, mendi martxa neurtua osatuko dute.

Izena eman nahi dutenek Gazteria Zerbitzu Bulegoan egin beharko dute, gaurtik martxoaren 17ra bitartean. Topalekuko arduradunek adierazi dute irteeretarako plazak mugatuak direla, eta beraz, izen-emate ordena errespetatuko dutela. Era berean, gutxieneko talde bat osatzea nahitaezkoa izango da irteera egin ahal izateko.

Ikastaro gehiago, Elkargunean

Bestalde, Elkarguneak beste zenbait ikastaro ere antolatu ditu Aste Santuko oporraldirako. Hain zuzen ere, honako tailer hauek egiteko aukera egongo da han: briko proiektua (LH3tik DBH2ra bitarteko ikasleak), Roblox teknologia (LH3tik eta LH6ra arteko ikasleak), Robotika teknologia (LH3tik eta LH6ra arteko ikasleak), Unity Programazio teknologia (DBH1tik eta DBH4ra arteko ikasleak), sormen grafikoa (LH3tik eta LH6ra arteko ikasleak), sukaldaritza tailerra gazteleraz (LH3tik eta DBH2ra arteko ikasleak), eta arteterapia eskulanak (LH1etik eta LH6ra arteko ikasleak).

Izen-ematea irekita dago zenbait ikastarotarako. Beste batzuetarako, berriz, datorren astelehenean, martxoak 13, irekiko da. Izena eman nahi dutenek Elkargunearen webgunearen bitartez egin beharko da.

Ikusi hemen Gazteriak Aste Santurako egin duen eskaintza osoa, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide