Erretratua

Josu Arrizabalaga: "Trikitiak bizimodu bat eman dit"

Naia Arrizabalaga 2023ko mar. 18a, 12:22
Josu Arrizabalaga 'Izer' trikitilariaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Trikitilaria da Josu Arrizabalaga Izer. Etxetik jaso zuen haurra zela trikitiarekiko zaletasuna, eta orduz geroztik, azkoitiarrak ibilbide oparoa egin du panderoaren zein soinu txikiaren eskutik. Laja izan zuen irakasle eta "maisu", eta harrezkero, musikariak inguruko hainbat bazter alaitzen dihardu. Martxoko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau:

Josu Arrizabalaga Izerek (Azkoitia, 1980) etxetik jasoa du trikitiarekiko zaletasuna, aitak soinua zein panderoa jotzen baitzituen. Txikitatik ditu trikitiari zein kulturari lotutako oroitzapenak aitarekin. Azaldu duenez, 2 urte zituenean, denda bateko erakusleihoan pandero bat ikusi zuen, eta hari begira geratu zen "ttir-ttir" esanez. Hura erosiz gero, ez zegoen jostailu hoberik Izerrentzat. Panderoaren eskutik hasi zuen azkoitiarrak ibilbidea, baina soinu txikia eskuan hartuta ere uztartu du bidea. Etxeko zaletasunaren adibide, aitak soinua jotzen zuenean bere alboan jartzen zen Izer, eta 3 urte zituenean, panderoarekin erritmoa markatzen ibiltzen zela oroitzen du hark. Aita lanera joaten zenetan, berriz, haren soinua probatzen jarduten zuen ezkutuan, eta hori izan zen soinuarekin izan zuen lehen harremana, bere hitzetan. Urte batzuen ondoren, aitak soinu txikia irakatsiko ziola esan zion, eta semeak proposamena onartu. Lehenengo pausoak jostailuzko soinu txiki batekin eman zituen, harekin piezak joz; instrumentuari "zukua atera" ziola gogoratzen du azkoitiarrak. Dena den, bere burua "pandero jotzailetzat" hartzen duela aitortu du Izerrek: "Gaur egun, soinuarekin ez, baina panderoarekin nahi dudana egiteko gai naiz".

Laja, erreferente eta maisu

Aurreneko urteetan, eta etxeko giroan, aita izan zuen irakasle, baina hark Iñaki Garmendia Laja trikitilariarekin zuen harremana medio, 14 urtetik aurrera, lau bat urtez, Laja izan zuen irakasle Izerrek. Ondo gogoan du astero izaten zuen zita hura: "Niretzat ostegun arratsaldeetan Lajarengana joatea asteko zitarik garrantzitsuena izaten zen". Ikasle garaiko "oso oroitzapen onak" ditu trikitilariak. Hala ere, soinua jotzen ez zela "horren ona" aitortu du. "Baina ikasteko garaian dena xurgatzen nuen, eta ordubeteko eskoletan, esaterako, bizpahiru pieza ikasten nituen", zehaztu du. Soinu txikiarekiko zuen afizioa izugarria zela gogoratzen du Izerrek: "Eskolako jolas-orduan etxera joaten nintzen ogitarteko baten bila, eta horren aitzakian, soinua jotzen nuen ordu erdi batean edo".

Lajaren irakasteko formula ere berezia zela nabarmendu du Arrizabalagak: "Bere garaiko piezak irakasten zizkidan; nik ez nion sekula esaten zer pieza ikasi nahi nuen, berak proposaturikoa ikasten nuen". Horrez gain, piezaz pieza aurrerapauso ugari ematen zituela gogoratzen du Izerrek. "Beti zegoen erritmo aldaketaren bat, bariazio bat gehiago...". Irakasleari esker, 200 pieza ikasi ez, baina soinua jotzen ikasi zuela argi dauka trikitilariak. Lajarengandik jasoa, ordea, ez zen eskola ordu haietara mugatu, haren ikasle izateak plaza askotan aritzeko erraztasuna eman diola sentitu izan baitu trikitilariak: "Jotzen hasi orduko jendeak antzeman egiten zidan Lajaren ikaslea nintzela, eta nik gustura entzuten nuen hori". Izan ere, Laja "erreferente eta maisu" izan zen harentzat. Dena den, beste zenbait "erreferente" ezagutzeko aukera izateak "zorteko" sentiarazi izan du Arrizabalaga. Tomas Soraluze Epelde, esaterako, haurra zela ezagutu zuen Aizpurutxoko afari batean: "Gogoratzen dut Aizpurutxora sartu eta gizon bat ari zela soinua jotzen. Hari begira egon nintzen, eta irteten hasi ginenean kalejira bat jo zuen; pasarte hori grabatuta daukat".

Arrizabalaga Alabier pandero jotzailea bikote hartuta ibili izan da hainbat erromeriatan, afaritan, jaialditan zein emankizunetan. Eskolan ezagutu zuten elkar, eta gerora, bikoteak trikiti txapelketetan eman zituen lehen pausoak. "Zarautzen eduki genuen lehen txapelketa, orduan oraindik ez genuen elkarrekin konfiantza handirik, eta ez zen oso ongi atera". Gerora, zenbait txapelketan aritu ziren elkarrekin, EITBko txapelketan, tarteko. Hain zuzen, txapelketetan izaten zen maila "izugarria" zela nabarmendu du azkoitiarrak. Hala ere, beren helburua ez zen izaten txapela irabaztea, "finalera iritsi eta lan txukuna egitea" baizik. Era berean, txapelketek ezagun bihurtzen lagundu ziotela ere esan du: "EITBk finala telebistan ematen zuen, eta horri esker jende gehiagok deitzen zigun jotzera beren herrira joateko".

Arrizabalagak ibilbide oparoa izan badu ere, bidean "zailtasunak" aurkitu dituela ere azpimarratu du: "Duela 10 urte, eskuan nerbio bat moztu nuen, eta behatz txikia eta beste behatz baten erdia ere ez ditut sentitzen, nahiz eta gai naizen indarra egiteko zein mugitzeko". Hala ere, trikitiak bizimodu bat eman diola esan du: "Lagun talde handi bat eman dit trikitiak".

Zaletasuna, "bizirik"

Azkoitiarren trikiti zaletasuna aspalditik datorrela dio Arrizabalagak, duela ehun urte ingurutik. Dena den, urte batzuetan herrian zein inguruetan trikitiarekiko "ukatzea" egon zela azpimarratu du hark, egun gaindituta badago ere: "Jada buelta eman diogu ukatze hari, eta harrotasunez esaten dugu trikitilariak garela eta trikitia gustatzen zaigula. Zaletasuna nabaria da egun".

Halaber, azkoitiar gazteen artean trikiti "maila ona" dagoela azpimarratu du: "Musikariek, trikitia jotzeaz gain, errepertorio zabala daukate, eta hori garrantzitsua da". Bide horretan, hurrengo pausoa gazteekin harremanak sendotzea dela azaldu du musikariak. Iazko irailean ospatutako I. Trikiti Eguna da musika horrekiko dagoen zaletasunaren adibide, Izerren iritziz. Egun horretan, "argi" geratu zen afizioa "bizirik" dagoela herrian, eta herritarrak topaketarekin esker oneko agertu zirela adierazi du: "Egunean bertan, plaza jendez beteta zegoen eta hurrengo egunetan ere makina bat lagunek esan ziguten egun ederra izan zela".

Izer, trikitia eta panderoa eskuetan dituela, Goiko Losan. (Naia Arrizabalaga)

Txanponaren bestaldean, ordea, erromeriak kokatu ditu azkoitiarrak: izan ere, gogoan du garai batean "erromeria ederrak" egiten zirela Martirietan eta Floreagako zein San Martingo jaietan, baina ohitura hori "galduta" dagoela azpimarratu du. Hain zuzen, egun erromeria gehienak Azkoititik kanpo egiten direla azaldu eta joera horri eusten dion leku bakarra Arristerrazu dela esan du: "Jende asko biltzen da han, eta horrek argi uzten du interesa eta zaletasuna badaudela".

San Jose jaialdia

Urtero San Jose egunaren bueltan Azpeitian egiten den trikiti jaialdiaren antolatzaileetako bat ere izan da Arrizabalaga hamar urtez. Hasieran, EITBk antolatu ohi zuen jaialdia, eta azkoitiarra ikusle moduan joan ohi zen hara. EITBk saioa antolatzeari utzi zionean, ordea, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hartu zuen horretarako ardura, eta orduan hasi zen azkoitiarra antolaketa lanetan: "Mikel Fernandez musika teknikariari deitu genion, eta hark lagundu zigun bozgorailuekin, jaialdian musika ondo etzun zedin".

2012an hasi ziren jaialdia, Izarraitz pilotalekuan beharrean, Azpeitiko Soreasu antzokian hasi eskaintzen. Antzokiaren edukiera txikiagoa izanik, herritarren artean "haserrea" piztu zela gogoratu du musikariak. "Jaialdia Soreasura lekualdatu genuen aurreneko urtean jende asko geratu zen sarrerarik gabe, eta batek baino gehiagok esan zigun frontoira itzultzeko. Dena den, ziurrenik urte hartan sarrerarik gabe gelditu zirenek lehenago erosiko zuten sarrera hurrengo urtea". Gaur egun, baina, herritarrek sarrerak jaialdiko parte hartzaileak jakinarazterako erosi ohi dituzte, Izerren arabera. "Lehengoan batek esan zidan jaialdi guztien tenplua dela sanjosetakoa, eta egia esan, hala defini dezakegu", aitortu du barrez. Azkoitiarrak utzi dio jaialdiaren antolatzaile lanei, baina aurreratu du aurtengo edizioa "ederra" izango dela.

Motzean

  • Adina: 42 urte.
  • Ikasketak: Arotz ikastaroak.
  • Lanbidea: Arte grafikoko langilea.
  • Trikitilaria ez banintz... bertsolaria izango nintzateke
  • Trikitixa jotzea amaitutakoan gogoko dut... jendearengana joatea gustatzen zait kontuak esatera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide