"Bidegurutzean dago Maxixatzen, euskara bera dagoen bezala"

Ane Olaizola 2023ko api. 1a, 09:15
Idoia Alberdi eta Julen Garate, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideak. (Ane Olaizola)

Aurtengoa urtea erabakigarria izango da Maxixatzen Euskaldunon Elkartearentzat, ibilbidea amaitzea edo aurrera jarraitzea erabakiko duelako taldeak. Martxari jarraitzea erabakiz gero, argi dute formula berriekin izan beharko duela. Bide orria zehaztu dute, eta bazkideei, udalari zein herritarrei galdetuko diete. Martxoko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau:

Zintzilik du etorkizuna Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, hango lehendakari Idoia Alberdik (Azkoitia, 1976) eta langile Julen Garatek (Azkoitia, 1968) azaldu dutenez. Egun, zazpi lagunek osatzen dute lantaldea, baina ez da erreleborik egon, asko duela 26 proiektua martxan jarri zuten kide berberak dira. Gazteengana eta beste esparru batzuetara iritsi nahi dute, elkartea bizirik mantendu ahal izateko.

Urtea hastearekin batera esan zenuten Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen egoera ez dela ona. Zergatik?

Idoia Alberdi: 26 urteko ibilbidearen ondoren, taldekideoi iruditzen zaigu Maxixatzenek gogoeta behar duela. Hainbeste aldiz entzuten den bidegurutzean dago Maxixatzen ere, euskara bera dagoen bezala. Ezinezkoa da taldeak orain arteko formula, militantzia eredu eta talde dinamika berberekin jarraitzea. Batetik, taldea nekatuta dago: orain hitz egiten ari garenak duela 26 urte geundenok gara; horrek zer pentsatua ematen du. Ez dugu lortu gure diskurtsoa belaunaldi berrietara iristea. Garbi dago halako elkarteak eusteko modu bakarra profesionalizazioa dela, eta azken urtebetean Julen [Garate] taldean liberatuta egoteak eman dio astindu bat proiektuari, baina hori ez da nahikoa; atzean, talde sendo bat behar da. Ez dut esan nahi gurea ez dela talde sendoa, baina beste ekarpen batzuk behar ditugu, euskarak ere bere diskurtsoan hala behar duelako.

Bestetik, betiko kontua dago: finantzaketarena. Euskara elkarte batek oso zaila du autofinantzaketa bidez aurrera egitea, eta inguruko esperientziek esaten digute euskalgintzak, aurrera egiteko, bestelako ereduak behar dituela, Azpeitian, Tolosan edota Elgoibarren egin duten bezala, erakundeekin hitzarmen sendoak eginda.

Bidegurutzean egonik, zer norabide hartuko du taldeak?

I.A.: Gure buruari agindu diogu aurtengoa izango dela atea ixteko edo beste estrategia eta lan egiteko modu batekin aurrera egiteko urtea; baita beste lantalde batekin ere, seguru asko. Herriari zein udalari jakinaraziko diegu gure egoera zein den, baita bazkideei ere, eta euskara elkartearen gogoeta egin nahi dugu herrian. Behar al da euskara elkartea herrian? Ba al dago horretarako arrazoirik? Udala prest al dago euskara elkarte bat desagertzen uzteko? Galdera horien guztien erantzunak aztertuko ditugu.

Momentuz, beraz, ez duzue erabaki irmorik hartu.

Julen Garate: Bi aukerak ikusten ditugu taldean: batetik, ez dugu uste merezi duenik horrela jarraitzea, baina bestalde, ikusten dut Euskaldunon Topagunea bera ere bidegurutze berean dagoela. Denok gaude egoera berean. Transmisioan etena egon izanaren kezka orokorra da, eta horri buelta emateko formula berriak landu beharko ditugu. Idoiak esan duenaren harira, maiatzaren 6ra arte prozesua egingo dugu, eta egun horretan ikuspegi desberdinak dituzten herritarrak bilduko ditugu. Udazken aldera hartuko dugu erabakia.

Lantaldea osatzen duzuen guztiok dituzue 40 urte baino gehiago. Esanguratsua al da hori?

I.A.: Bai, guztiz. Garbi dago euskararen iruditegia berritu egin behar dela. Gazteak ez datoz gugana, beraz guk beren espazioetan sartzen asmatu beharko dugu. Eta gure posiziotik beren espaziora sartzea ez da erraza; hor dago lanketa. Gazteak mugitzen diren espazioetan lana egin behar dela uste dut. Ilusio bat piztu behar da, aktibatu, euskararen inguruan. Euskara oso egoera kezkagarrian dagoela iruditzen zait, eta nik neuk ez dut ikusten gure belaunalditik haratago aktibazio handirik dagoenik. Hemendik hamar urtera, egongo al da euskararekiko kontzientziarik? Kontzientzia eza oso handia da, ikusi besterik ez daude Soziolinguistika Klusterrak egindako azterketak: arnasguneetan ari dira atzerapausoak ematen, eta hori alerta bat da.

J.G.: Printza berdeak ere ikusten ditugu, esaterako, Azpeitian, han prozesu osoagoa eman baitute. Azkoitian, laster amaituko da euskararen plan estrategikoa, eta oraingoa klabe berri batzuetan oinarrituta egin beharko da; sare sozialak barne dituena eta militantzia eredu berriak proposatzen dituena. Gaur egun, jendea ez da sartuko hilean behineko bileren dinamikara. Mintegiak, bilerak, hausnarketa... termino horiek zaharkituta geratu dira.

"Herriak, eta batez ere udalak, uste al du euskara elkarte bat beharrezkoa dela?"

Maxixatzenek aurrera egingo balu, zer egitura izan beharko luke?

I.A.: Seguru asko, zabaldu egin beharko da ikuspegia. Euskararen alde lan egiteko modua ezingo da izan egitura zurruna duen talde batekin. Askotan aipatzen da euskarak helburu edo bitarteko izan behar al duen. Sarea artikulatzerakoan, euskarak transbertsala izan behar du: herriko talde guztien sarea sortu beharko genuke, zeinetan euskara izango den ardatza.

J.G.: Euskarak ezin du izan Euskara Sailarena bakarrik. Euskarak arlo guztiak ukitzen ditu.

Taldean pertsona bat liberatuta egoteak lagundu al du proiektuaren profesionalizazioan?

J.G.: Liberatu bat edukitzeak ematen du astia gauzak ondo antolatzeko. Profesionalizazioa beharrezkoa da. Euskaraldian, esaterako, diru eta indar asko gastatu dute, baina ikusi da egokitzapenak behar dituela kokalekuaren arabera. Halako kanpainetatik haratago, transmisioan eta kontzientziazioan jarri nahi dugu arreta, bi arlo horietan ikusten dugulako hutsunea. Pertsona bat liberatuta baldin badago, aukera handia dago gaian sakontzeko. Maxixatzenek antolatzen duen Geure Gelatik liburu azokak eman du lehen fruitua: irakurle taldea sortu da herrian. Hori da helburua.

I.A.: Argi dago euskara elkarteak funtzio bat betetzen duela, beharbada udalak betetzen ez duena. Guk ikusten dugu elkartea beharrezkoa dela, baina galdera da: herriak, eta batez ere udalak, uste al dute euskara elkarte bat beharrezkoa dela? Zintzoki erantzun behar du hori udalak. Gure diskurtsoa da berritu egin behar dugula, baina baita udalak benetan sinesten badu saltoa eman behar duela ere. Inertzietatik bizitzeari utzi eta bestelako apustu batzuk egin behar dira.

Herriak zer zor dio euskalgintzari?

I.A.: Iruditzen zait arnasguneetan euskaraz bizitzeko pribilegioa izan dugunok zor diogula euskarari, euskalgintzari zein nazio osoari euskararen eusle izatea. Geure egin behar dugu konpromiso hori: %2ko euskararen erabilera duen herri bateko pertsona batek baino zor handiagoa dugu horri eusteko. Udalari hori adierazi genion. Izan ere, herritarrek ez ezik, udalak ere badu ardura jauzi kualitatibo bat egin nahi badugu. Benetan ausarta den plan estrategiko bat behar dugu mahai gainean, eta udalak plan urratzaileak egin behar ditu. Izan ere, aurreraka egin dena asko izanagatik, atzera hartu dugun abaila ere handia da dagoeneko. Balazta jarri nahi badiogu egoerari, herrigintza berri bat asmatu behar dugu, baina udalak izan behar du traktore.

J.G.: Ausartaz gain, zientifikoa ere behar du izan urrats politikoak. Adibidez, errepide bat egin behar denean, ingeniariek agintzen dute; politikoak ez dira sartzen horretan. Ordea, hizkuntza ekologia ere hor dago, eta hizkuntzalariek esaten dute hizkuntza bat bizirik mantentzeko zer egin behar den. Beraz, dakienari kasu egiteko eskatzen diegu, adituak baitaude horretarako.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen lantaldea. (Utzitakoa)

Martxoaren 16an batzar orokorra egingo duzue. Zer pisu izango dute bazkideek taldearen etorkizunean?

J.G.: Bazkide asko ditugu, baina egia da haiekin ez dugula kontraste askorik egiten. Oraingo honetan, saiatuko gara batzar parte hartzaileagoa izaten, eta bazkideak propio deituko ditugu bilerara. Maiatzaren 6an, berriz, mintegi bat egingo dugu herritarrekin, eta guztien arteko kontraste bat egingo dugu.

I.A.: Bazkideei egoera planteatuko diegu, eta entzute saio bat izango da. Normalean, oso militanteak diren pertsonak joaten dira urteko batzarrera, baina horien iritzia kontrastatu beharko dugu ahots desberdinen artean. Hortik, ondorio batzuk aterako ditugu.

Liburu azoka, Maiatzeko Lorak eta Orbel Jokoak dira elkarteak urtean zehar antolatzen dituen egitasmoak. Aurten, eutsiko al diezue horiei?

J.G.: Aurten, Maiatzeko Lorak ez dugu antolatuko, iruditzen zaigulako, zorionez, beharrik ez dagoela. Izan ere, Matadeixen kontzertu bat antolatuta, ez diegu inongo ekarpenik egingo euskarari eta kulturari, Matadeixek berak baduelako nahikoa dinamika aktiboa horretan. Horrez gain, urtean lauzpabost bertso saio ere egoten dira herrian, eta beraz, horiek betetzen dute kultur eskaintza hori. Bestalde, Orbel Jokoetan gazteentzako eta umeentzako beste atal bat sortzea da gure asmoa, transmisioan eragiteko. Hain zuzen, gure taldeak formazioan, transmisioan eta kontzientzian jarriko du orain indar guztia.

I.A.: Festaz haratago, bestelako apustu batzuk behar ditugu, eta ziurrenik exigenteak izango dira zenbaitentzat. Egia da gizartea aldatu egin dela; duela 26 urtekoak eta egungoak ez dute zerikusirik. Egun, aniztasuna handia da, eta herria eleanitza da. Ondo dago, baina euskarak zer espazio du hor? Euskara lehenengo egongo da, ezta? Horretarako, zer egin behar da? Hori da planteatzen dena.

Argi al dago euskarak aurrena egon behar duela?

I.A.: Galdetuz gero, argi dago baietz, baina gero, praktikara ez da eramaten; beraz, beste neurri batzuk behar dira.

J.G.: Pantailaldia gisako egitasmoek emandako datuek garbi erakusten dute. Egun, mundua etxean duzu, baina duela 26 urte Internetak ez zuen existitzen. Internetak mundua aldatu du, eta gazteak sarean daude. Guk ere hor egon behar dugu, beraz.

I.A.: Aro berri bati ekiteko ordua da. Nolabait, euskararen ibilbidearen istorio berria kontatzen hasi beharko dugu. Egindakoa hor dago, baina horri tiraka askoz urrutirago ezingo gara joan. Erabaki eta estrategia berriak jarri beharko dira mahai gainean, ausartak eta biziberritzea ziurtatuko dutenak. Frankismoaren ondoren izugarrizko susperraldia egon zen, sekulakoa da egin dena. Orain, beharbada, beste etapa bat hasi beharko dugu. Sekula baino bitarteko gehiago ditugu, baina oinarrizkoa falta zaigu: kontzientzia eta eusteko gogoa. Hizkuntza txiki bat garen heinean, ekosistema osoak egon behar du aktibo. Gurea bezalako elkarte txikiek inurri lana egiten dute, ekosistemako osagai guztiak ezin dituzte horiek bakarrik aktibo mantendu. Ardurak dituenak ardurak hartu behar ditu. Zintzoki esanda, ordea, ez dut uste erakundeak horretara daudenik. Euskara ez dago agenda politikoan lehenetsita. Hor dago hutsune nabarmena, nire ustez.

J.G.: Egia da euskara askotan eskatzearekin eta lanarekin lotzen dela, eta uste dut eskaintzeko ere badugula. Esperientzia on asko dugu emateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide