Xabier Eizagirrek hitanoari buruzko hitzaldia eskainiko du asteartean

Ane Olaizola 2023ko ots. 25a, 09:15

Hike Eizan egitasmoaren barruko hitzaldia izango da, eta hitanoan aditu eta euskara irakasleak Hike, etxetik eskola eta eskolatik etxea solasaldi irekia eskainiko du Floreaga ikastetxean, 18:30ean hasita.

Floreaga ikastetxeak antolatuta, Xabier Eizagirre hitanoan aditu eta euskara irakasleak hitzaldi irekia eskainiko du ikastetxe horretan bertan datorren asteartean. Udaleko Euskara Sailak eta herritarrek osatutako talde eragileak 2021ean Hike Eizan egitasmoa martxan jarri zutenetik, herrian hainbat ekintza eta proiektu egin dituzte, eta besteak beste, Floreagako eta Azkoitia BHIko hainbat ikaslek gaiaren inguruko ikastaroetan parte hartu dute, Eizagirreren eskutik, eta horri jarraipena emanez antolatu dute astearteko hitzaldia. 18:30ean hasiko da izena daraman solasaldia.

Azkoitiko Udalak gogoratu du azken urteetan askotariko ekintzak egin dituztela hitanoaren erabilera bultzatzeko: hika bertso saioak, Ahotsak proiektuaren bidez egindako elkarrizketak, gehien erabiltzen diren aditzen liburuxka argitalpena, Hike Eizan Bertsopaper Lehiaketa... Hain zuzen, erakundeak azpimarratu du Hike Eizan ez zela egitasmo "puntuala" izateko jaio, herrian "egonkortzeko eta jarraipena emateko" baizik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide