Karnabalak 2023

Hiru eguneko gozamena

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 16a, 11:45

Azkoitiko eta Azpeitiko mozorro festetan hutsik egiten ez dutenetako bi dira Antonio Carmona eta Montse Carmona senar-emazteak. Buru-belarri ari dira aurtengo jantzia prestatzen.

Sansebastianak bukatu orduko hasten dira karnabalak Antonio Carmona eta Montse Carmona senar-emazteentzat. "Azkoitiko bikote lagun batekin mozorrotu ohi gara beti, eta sansebastianak bukatzen direnean hasten da mezu festa. Batek mozorro bat nahi duela, besteak bestea nahi duela... Horrela joaten dira ideiak sortzen, denok ados jarri arte", esan du Montsek. "Aurten prestatzen ari garen mozorroaren ideia, adibidez, Azkoitiko lagunari bururatu zitzaion orain dela lau bat urte. Lau urte daramatza lata ematen, eta azkenean erabaki dugu baietz, aurten mozorrotuko garela horretaz". Zertaz galdetuta, ordea, ez dute txintxik esan ez Antoniok eta ez Montsek. "Hori ez dago esaterik; mozorroa ezkontzako soinekoa bezala izaten da, egun handira arte isilpean gorde beharrekoa".

Behin zertaz jantzi behar duten erabakita, karnabalak bitarteko egunak "oso eroak" izaten direla aitortu du bikoteak. "Oihalak aurkitu, osagarriak erabaki... Aurtengo mozorroa egiten joan den astean hasi ginen, duela hamar bat egun, eta, goitik behera, dena geuk eskuz egina izango da", kontatu du Montsek. Hala gustatzen zaie. "Osagarriak-eta erosten ditugu eta noizbait mozorroren bat ere bai, baina, normalean, dena geuk egina izaten da".

Laukotean, bakoitzak bere ardurak izaten ditu. "Azkoitiko lagunetako bat da gure ingeniaria, eta beste lagunak eta biok egiten ditugu jostun lanak", jarraitu du Montsek. "Aurreneko urteetan, josten arrastorik ere ez geneukan, eta sekulakoak ibiltzen genituen; denborarekin, ordea, ikasten joan gara. Eta esan daiteke, josi ere Whatsappez egiten dugu; argazkia hona, argazkia hara... Garraiolari lanak, berriz, Antoniok egiten ditu, bera arduratzen Azpeititik Azkoitira eta Azkoititik Azpeitira mozorroetarako materiala eramateaz. Bakoitzak ditu bere eginbeharrak, eta lauron artean talde oso ona osatzen dugu".

Hiru festa egun bete-bete

Larunbatean hasi eta astelehen gauera arte, atseden hartzeko beta handirik ez dute izaten Carmona senar-emazteek, eta, batez ere, Montsek. Larunbat arratsaldean hasten dira festan, Azkoitian. "Garai batean iluntzean irteten ginen, baina azken urteotan, arratsalderako han izaten gara". Mozorrotuta, hango bikote lagunarekin egiten dute poteoa, eta ondoren, haien etxera joaten dira afaltzera. Eta afalostean, berriro kalera. "Azkoitian mozorro lehiaketarako izena eman behar izaten da, eta hango lagunetako batek beti ematen duenez, afalostean plaza inguruan-eta ibiltzen gara. Sari banaketa bukatutakoan, parranda egiten dugu". Egun horretan, "garaiz antzera" etxeratzen direla adierazi du Montsek, "04:00 aldera edo", hurrengo egunean Elegante Eguna izaten delako Azpeitian. Igande goizean, jaiki, dotore-dotore jantzi eta eguerdiko poteora ateratzen dira senar-emazteak, baina egun horretan "tamainan" ibiltzen dira, "parranda gustatzen zaigulako, baina siesta egitea ere bai", esan du Montsek.

Eta Astelehen Karnabalean, berriro Azpeitian, egun guztia kalean pasatzen du Montsek: goizean alabarekin irteten da; eta arratsalde-iluntzean, senarrarekin. "Alaba txikienak 16 urte ditu eta oraindik ere nirekin batera ateratzen da eguerdiko desfilean; zerbaiten seinale bada hori". Goizerako mozorro bat prestatzen du alabarekin; eta iluntzean, senarrarekin, atzera berriz Azkoitirako egindako mozorroa janzten du. "Alabak txikiak zirenean hasi ginen eguerdiko desfilean irteten, eta gogoan dut garai hartan lau edo bost gurasok besterik ez genuela parte hartzen. Azken urteotan, berriz, izugarrizko goraldia izan du eguneko festak, eta hori zoragarria iruditzen zait".

Azkoitiko zein Azpeitiko mozorro sariketetan sari bat baino gehiago jasotakoa da bikotea; "ez dakit zenbat aldiz sarituko gintuzten, baina lau edo bost bat aldiz bai". Dena den, sariengatik sekula ez direla mozorrotu adierazi dute. "Karnabalak jai zoragarriak dira, primeran pasatzen dugu prestaketetan zein egunean bertan, eta saritu ala ez, mozorrotzen jarraituko dugu osasunak laguntzen digun bitartean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide