Zein da 'maatsa' Azkoitiko hitzaren esanahia?

Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 08:27

Maxixatzenek, Azkoitiko euskara bultzatzeko asmoarekin, Azkoitiko hitz edo esamolde bat argitaratzen du ostiralero. Joan den astean, 'gandurie' adieraren esanahia erakutsi zuen webgunean. Oraingoan, 'maatsa' hitza aukeratu du Maxixatzenek. Ba al dakizu zein den hitz horren esanahia?

Maatsa hitza bi modutan erabiltzen da Azkoitian. Batetik, nahaspila adierazteko, eta bestetik, pagotxa adierazteko. Aldiz, mahatsa ohiko fruta bat da gure artean.

Adibidez, honela erabili ohi da nahaspila adierazteko:

  • Azkoitiko hizkeran: "Hau den maatsa daona sukalde hontan; arratsaldeko bostak eta oindik sukaldie jasotzeke".
  • Euskara batuan: "Hau dun nahaspila dagoena sukalde honetan; arratsaldeko bostak, eta oraindik sukaldea jaso gabe".

Bestalde, honela erabili ohi da pagotxa adierazteko:

  • Azkoitiko hizkeran: "Herrixen bila du lana; horrek bai maatsa!".
  • Euskara batuan: "Herrian aurkitu du lana; horrek bai pagotxa".

Iturria: Azkoittiko euskerie, Aizkibel beka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide