Askotariko kultur ekintzekin datoz neguko Bebarruko Jardunek

Andoni Elduaien 2023ko ots. 7a, 08:54
'Balbea' antzezlanaren irudi bat. (Yuri Agirre/ATX)

Guztira, lau kontzertu egun eta antzezlan emanaldi bat antolatu dituzte Matadero Ekintzak taldeko kideek. Asteburuan hasiko dituzte lehen aldiz neguko Bebarruko Jardunek.

Matadero Ekintzak taldeak neguko Bebarruko Jardunek antolatu ditu aurten lehen aldiz. Larunbatean, otsailak 11, hasiko dira kultur ekintzak Matadeixen, eta martxoaren 25era luzatuko dira. Bebarruko Jardunetan ohikoa den bezala, eskaintza zabala izango da gune horretan datozen asteetan. "Ezin genuen udaberria iritsi zain egon Bebarruko Jardunek ospatzeko", azaldu dute antolatzaileek sare sozialetan.

Zapatuan (22:30) ekingo diete neguko ekintzei Matadeixen. Joseba Agirrezabalaga eta Mikel Vega arituko dira batetik han; bi lagunek aurten kaleratu berri duten Lepok laneko musika esperimentala eskainiko dute. Bikotearen emanaldiaren ondoren, Olor taldeak iaz kaleratu zuen Esperantza laneko punk elektroniko doinuak entzun ahal izango dira.

Karnabaletako etenaren ostean, otsailaren 21ean, asteartez, itzuliko dira Bebarruko Jardunek. 20:00etan hasita, Hubris taldea izango da protagonista egun horretan Matadeixen. Hilaren 25ean, berriz, Harria eta Amustei taldea igoko dira Matadeiko oholtzara, 20:00etan. Harriak iaz kaleratu zuen lehen rock lana, eta hura aurkeztuko dute Azkoitian. Haien ondoren, berriz, Amustei taldearen txanda izango da.

Martxoan, Bebarruko Jardunetako beste bi egun izango dira. Martxoaren 18an, larunbata, Pablo Und Destruktion eta Mainlander izango dira protagonistak Matadeixen. Pablo Garcia bakarlari asturiarrak folk, psikodelia, blues eta tonada giroko doinuak eskainiko ditu han. Garciaren ondoren, Azpeitiko Mainlander taldeak iaz kaleratu zuen lehen laneko rock abestiak eskainiko ditu. Martxoaren 25ean, berriz, ATX Teatroa antzerki konpainiak Balbea antzezlana eskainiko du, 19:00etan. Heriotzaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute egun horretan ikus-entzuleek.

Hona hemen neguko Bebarruko Jardunen egitaraua:

  • Otsailaren 11n, 22:30ean: Joseba Agirrezabalaga-Mikel Vega eta Olor taldea.
  • Otsailaren 21ean, 20:00etan: Hubris.
  • Otsailaren 25ean, 20:00etan: Harria eta Amustei taldea.
  • Martxoaren 18an, 22:30ean: Pablo Und Destruktion eta Mainlander.
  • Martxoaren 25ean, 19:00etan: ATX Teatroaren Balbea antzezlana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide